07-06-2017
BANDtzaldiak Euskal Herriko Musika Bandak jarriko ditu dantzan

AIKO Taldeak bira hasiko du larunbat honetan, ekainaren 10ean, BANDtzaldia ikuskizunarekin. Egitarau bitxi horrek Euskal Herriko Musika Banda hoberenekin elkartuko ditu AIKOko musikariak eta dantza maisuak. Portugaleteko Folklore Azoka izango da tourra abiatuko den lekua, eta uda honetan Euskal Herriko hainbat udalerritara eta hiriburutara helduko da. Ikus-entzuleek gozatu eta musikak antzina zuen funtsa eta esanahia errebindikatzen duen kontzertu-erromeria horretan parte hartu ahal izango dute, XXI. mendean erromerien ohitura berreskuratuz, herri bakoitzeko Bandetako maisuek interpretatutako musikarekin.

BBK Fundazioaren laguntza duen BANDtzaldia arrakasta handiz estreinatu zen iaz Azkuna Zentroan, Bilboko Musika Bandarekin; eta Gipuzkoan, Errenteriako Niessen Kulturgunean. Larunbat honetatik aurrera, Portugaleten, Iruñean, Gasteizen, Eibarren, Barakaldon, Irunen, Lizarran eta Zarautzen musikarekin gozatzeko aukera egongo da, bandak eta AIKOko musikariek interpretatutako erromeria errepertorio bikainarekin, dantza maisuen gidaritzapean.

Portugaleten egingo den estreinaldirako aukeratu den egitaraua, Sabin Bikandi AIKO taldeko kide sortzaileak eta 2015eko musika konposizio hoberenaren Max Saridunak idatzitako 20 lan baino gehiagok osatzen dute. Joserra Gutiérrez Barakaldoko konposatzailea arduratu da moldaketez, lan bikaina eginez, abestiak bandaren egiturara egokitzeko.

BANDtzaldia helduko den udalerri bakoitzean, ikus-entzuleek Bandaren musika entzuteko eta parte hartzeko aukera izango dute, pasodobleak, jotak, jauziak, txotisak, polkak, mazurkak, baltsak edo ingurutxoak dantzatuz, besteak beste, dantza maisuek animatuta.

Estreinaldiak Iruñean eta Gasteizen

BANDtzaldia tourra larunbat honetan abiatuko da Portugaleten, herri horretako Elai Alai kultura tradizional zentroak antolatzen duen Folklore Azokaren barruan. Portugaleteko Musika Banda izango da protagonista, AIKOko musikariekin eta dantza maisuekin batera. Horrez gain, eta asteburu honetarako Azokan antolatu diren jardueren barruan, Sabin Bikandik Txistu Masterclass bat eskainiko du, eta Patxi Labordak ‘Gureak ote… betikoak omen’ hitzaldia.

Nafarroako eta Arabako hiriburuetako estreinaldia pixka bat geroago helduko da. Ostiralean, ekainaren 16an, La Pamplonesa banda ezaguna erromerian entzuteko aukera egongo da BANDtzaldian, “sanferminen” aurretik aire librean eskainiko duen emanaldietako batean. Kontzertuak Iruñeko Udal Musika Bandako eta AIKOko musikariak bilduko ditu, agertoki gainean 50 interprete elkartu arte. Seguruenez, iruñearrek gehien itxaroten duten ospakizun herrikoietakoa izango da, oso harro baitaude 1919tik hiriaren kultur jardueraren parte den Bandaz.

Astebete geroago, ekainaren 23an, Gasteizen txanda izango da. AIKOko kideak eta Gasteizko Udal Musika Bandako kideak elkartuko ditu, Gasteizko Folklore Akademiarekin lankidetzan. Ekainari amaiera emateko, bi egun geroago, igandean, 25ean, BANDtzaldia Eibarrera helduko da.

Uztailaren 15ean, larunbatean, AIKO Taldeak Barakaldora eramango du kontzertu-erromeria, Karmen jaien barruan; eta hilabete bereko 29an Nafarroara itzuliko da, Lizarrara, hain zuzen ere, bertako udal musika bandarekin batera. Abuztuan, Irungo banda izango da protagonista, eta irailean, Zarauzkoa. Horiek dira, momentuz, BANDtzaldiaren hurrengo kontzertuak, baina beste batzuk ere gehituko zaizkie, bira ez baitago itxita.

 

BANDtzaldia TOUR

EKAINA

Larunbata, 10: Portugalete. Portugaleteko Udal Musika Banda. 19:30 (Orube Plaza)

Folklore Azoka (Elai Alai Kultur Elkartea)

Ostirala, 16: Iruñea La Pamplonesa. 20:00 (Plaza de los Burgos)

Ostirala, 23: Gasteiz Gasteizko Musika Banda (Academia de Folklore de Gasteiz). 20:30 (Espainia Plaza)

Igandea, 25: Eibar. Eibarko Udal Musika Banda. 19:30 (Unzaga Plaza)

 

UZTAILA

Larunbata, 15: Barakaldo. Barakaldoko Udal Musika Banda

Larunbata, 29: Lizarra. Estella-Lizarrako Musika Banda

 

IRAILA

Larunbata, 2: Zarautz. Zarautzko Musika Banda.

Igandea, 17: ALTSASU (19:30) Haize Berriak Banda eta AIKO Taldea

 

AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus