23-06-2014
Urbiako erromeria, lehena?

Igandez izango ote genuen eguraldiaz pentsatzen belarri atzeko azkurerik izan bagenuen ere, asmoeri eutsi eta ederra gozatua Urbiako zelaietan hartu genuena! Batzuek Aizkorri gainera bisita eginda eta beste batzuek berriz zuzenean Arantzazutik zetozela, fonda zaharraren ingurura mendi eta dantzazale lagun andana batu ginen 12:00ak ingururako. Kamisetaz aldatu eta zuhurrenek eguzkitarako krema eman zuten. Club Vasco de Camping-ekoek bultzatutako ekimenean tailerra genuen aurreikusita; nivel cero-patatero. Dantzarako beldurrak uxatzea zen asmoa eta ikusitakoak ikusita eta dantzatutakoak dantzatuta helburua lortu genuela ematen du. Inguruko larretan zebiltzan behiak ere begira begira izan genituen txotisen bat edo dantzatzeko gogoz!

Pare bat orduz luzatutako intentsiboa konturatu gabe joan zitzaigun denori ere. Bota azpiko gorotzak astindu (Sabinek besteok baino gehiago) eta tripak haserretu aurretik aluminio papelak eta tuperrak zabaltzeko ordua iritsi zen. Eleganteenek berriz, fondako entsalada edo plater konbinatueri kolpe egin zieten.

Trumoiren baten beldurrez, siestarako asti larregirik utzi gabe, 15:30ak alderako dantzaldiari ekiteko prestatu ginen: eman beharreko hiru-lau aginduak mikrofonoz eta akustikoan berriz musikariak egurrezko banku gainean jarrita. Eta hauen inguruan dantzaldia; polita, a la antigua usanza, bai gero! Zer esan...? Guk hartu genuen gozatuaren erdia hartu bazuten dantzan lagundu gintuztenek jeitsierako bidea, guk bezala, gusturago egingo zutelakoan gaude!

Eskerrik asko Club Vasco de Camping-ekoeri, eta han esan genuen moduan, lehenengo edizioa izan zedila atzokoa! Hala bedi!

AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus