22-07-2014
John Tilbury, Kukai eta AIKOtarrak, San Telmo Museoan

Bat-batean: John Tilbury, Sabin Bikandi, Kukai Dantza Konpainia. Bat-batean ikuskizuna musika tradizionalaren eta jazzaren arteko topagunea da, dantza garaikidearen eta tradizionalaren artekoa: pianoa, txistua, perkusioa, inprobisazioa, esperimentazioa, dantza… Lagun arteko bilgune bat eratu dute, norberaren ibilbide profesional oparoari uko egin gabe, Donostian hitzordu esklusibo hau gauzatzea erabaki dutenean. John Tilbury britainiarra eta Euskal Herriko Sabin Bikandi eta Kukai Dantza Konpainia dira elkarretaratze bakan honetako protagonistak.

John Tilbury

Britainiar piano-jotzaile nazioartean estimazio handia duen musikari esperimentala da; inprobisazio librea egiten duen AMM taldekoa eta Scratch Orchestrako kidea da eta hainbat konpositore garaikideren –Morton Feldman, Cornelius Cardew, Howard Skempton, John White…– lanen interprete gailenetako bat.

Tilburyk M.I.M.E.O.rekin bat egin zuen –AMMko taldekide duen Keith Rowe-k lideratutako talde bat– The Hands of Caravaggio grabatzeko, hain zuzen ere, musika esperimental modernoko pieza gailurretako bat. Duela gutxi biek argitaratu duten beste disko bat, Duos for Doris, inprobisazio elektro-akustikoaren alorreko maisulantzat daukate adituek.

Sabin Bikandi

Etnomusikologiako doktore da Londresko Unibertsitatean. Konta ezin ahala erakundetan lan egin du musikari eta irakasle gisa. Musikagintzari dagokionez, obra asko idatzi ditu eta musika tradizionaleko hainbat moldaketa egin ere bai. Txistulari aldizkariaren zuzendari izan zen 1992 eta 1995 artean. Bilboko Udal Txistularien Bandako danbolinteroa da, dantza tradizionaleko irakasle Musikenen, AIKO Taldearen bultzatzaile eta euskal kulturako beste hainbat aktibitatetan parte hartzen du.

Kukai Dantza Konpainia

Errenterian sortu zen 2001ean, Jon Maya dantzari eta koreografoaren ekimenez. Euskal dantza tradizionaletik abiaturik egiten du lan Kukaik eta topaguneak proposatzen ditu beste dantza estilo batzuekin eta artea ulertzeko beste modu batzuekin. Horrela, emankizun garaikideak sortzen dituzte sorkuntza propioen eta koreografo ospetsuekin egiten dituzten elkarlanen bitartez.

Konpainiaren jendaurreko lehen lana Deiadarra (2001) izenburuko koreografia izan zen. 2002an taularatu zuten iraupen luzeko lehen lana, Tanttaka Teatroarekin lankidetzan; bi taldeen arteko ezkontza artistikoak fruitu ugari eman ditu: 1937, por las sendas del recuerdo (2002), Otehitzari biraka (2005), Hnuy Illa (2008) eta Komunikazioa/Inkomunikazioa (2013). Hainbat sari irabazi dituzte ikuskizun horiek baina Arte Eszenikoen Max saria nabarmentzen da guztien artetik, ikuskizun errebelazioaren sailean irabazi baitzuten aipatutako saria, 2009an.

Urte berean, Kukaik bide berri bati ekin zion: koreografo ospetsuekin batera elkarlanak egiten hasi zen. Beste batzuen artean, Cesc Gelabert, La Intrusa Danza (Damián Muñoz eta Virginia García), Iker Gómez, Jone San Martín eta Pantxika Telleria izan dituzte konpainiaren koreografo gonbidatu gisa. Lankidetza horietatik sortu dira Soka, (SOK)2, Karrikan eta Gelajauziak lanak.

Kukairen ezaugarri nagusietako bat alor desberdinetako artisten artean zubiak eraikitzeko gaitasuna da. Horren froga nabarmenak dira konpainiak bere historian egin dituen lankidetza ugariak: Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, Oreka Tx-ekin, Juan Mari Beltranekin, Iñaki Salvadorrekin, Carlos Núñezekin, Logela Multimediarekin… dantzaren aldeko sentsibilizazio-proiektuak ere bultzatzen dituzte; baita dantzari gazteentzako prestakuntza-proiektuak ere.

 

JOHN TILBURY, KUKAI ETA AIKOTARRAK

DONOSTIAKO SAN TELMON
UZTAILAK 25 OSTIRALA
GAUEKO 12etan

Heineken Jazzaldian-Doan

 (Argazkia: Oscar Moreno)

AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus