16-09-2014
Aiko news: "Dantza & Musika" ikastaroa UPV/EHUn

"Dantza eta musika" izenburua dauka ikastaro honek, gure inguruko tradiziozko kulturan dantza eta musika bat izan direlako, txanpon beraren alde biak. Guk jaso dugun tradizioan, gorputzaren mugimendu landu eta berezienak ere, dantza moduan onartuak izateko musikarekin bat egin behar izan dute, espazio-denbora lerroan modu jakin batean antolatuak, doinuaren egiturarekin, erritmoa deritzogun horren bitartez, bat egiteko.

Bestalde, ariketa hutsa baino, dantza giza bizipen bat da, inguruarekin eta ingurukoekin harremanetan jartzen gaituena, eta musikarekin bat eginda, sarritan, hitzez ezin duguna komunikatu adierazteko bide oso baliogarri bat da. Horrela, ikastaroaren ardatza gizakian datza, ikaslean, dantzarian... eta xede nagusia agian "intangible" horietakoa izanen da askorendako: dantzaz gozatzen ikasi, dantzaren ikasbideaz gozatu, dantzaz gozatzeko ateak ireki... Erronka handia 2014. urterako gure gizartean izanda ere, ahaleginak merezi du.

Aurrekoak ez du erran nahi, ikaslea esku hutsik etxera bueltatuko denik, dantzan egiteko hainbat baliapide ikasiko ditugu hutsetik hasita, eta sarritan, agian, dakiguna beste modu batean ikusi eta ikasiko dugu, edo bederen berformulatu.

Dantza eta musika elkarrekin lantzeko proposamen hau musika edo/eta dantza irakasle lanetan aritu behar dutenentzako ere baliogarria izan daiteke. Hori bai, argi utzi behar da ikastaroa helduendako pentsatua dagoela (ez haurrendako). Gure inguruan erromeriko eta plazako dantza gehienak (denak ez erraitearren) helduen eremukoak dira.

Ikastaroaren eraginaren ebaluaketa ikasleen oinetan eta ariman isladatuko da: norbaitek dantza hobeto ulertzen badu, norbaiti dantzaz gozatzeko atea irekitzen badiogu, norbaitek erritmoa lantzeko bide berriak antzematen baditu, norbaiti dantzan egiteko edo ikasteko gogoa irekitzen bazaio, norbaitek lagunak egiten baditu dantzan, norbaitek gure tradiziozko kulturaren ezagupenean sakontzen badu honen ondorioz... zerbait egin dugula erran ahal izanen dugu.

Edukiei buruz, ezin aurretik ezer zehatzik proposatu, ikusteko dagoelako ikasle talde bakoitzaren maila eta ikasteko erritmoa. Alferrik eta kontraesangarria litzateke aurretik adostutako "gai zerrenda" bat edonola ematea "temarioa" ematearren. Helburua ez da dantza jakin batzuk edo koreografia batzuk ikastea, baizik eta dantzan ikastea, edo behintzat, dantzan ikasten hastea. Horrela ba, jarraian ekingo diogu lehen eskola egunetik eta azken egunerarte dantzarekin jolasean, jokoan, deman, eta sarritan borrokan... 

Nori zuzendua

UPV/EHUko ikasleei.

Helburuak

- Ikasle dantzarien arteko harremanak landu, ikertu, zabaldu eta sendotu: dantza harremanetarako gailu eraginkor moduan ezagutu.

- Musika eta dantza osotasunean ulertu: musika eta dantza errealitate beraren osagaiak dira (ziren) eta.

- Tradiziozko dantzakera eta gorpuzkera ezagutu eta barneratu: lur gainekoa, ergonomikoa, berezkoa eta demokratikoa.

- Erritmoaren oinarrizko egiturak gorputzaren bidez dantzatuz bizi eta ikasi.

Metodologia

Erabiliko den ikasbidea batez ere praktikoa da, hau da, dantzan egitean datza batez ere, modu mailakatuan, dantza ikasleen bataz besteko ezagupen maila abiapuntutzat hartuta. Mugimenduaren eta musikaren azalpen teorikoagoetan sakontzeko aukera ikasleen musika eta dantzaren ezagupen mailaren arabera aztertuko litzateke.

- Dantza entzuten ikasteko ariketak.

- Musika gorputzeratzeko ariketak.

- Oinez lur gainean.

- Kantua eta gorputza.

- Soka, izpilua, bikotea, taldea.

- Inguruarekin harremanetan: dantza bikotea eta dantza taldea.

Gaitasunak

Dantzan egin eta dantzan eginez bikotearekin eta taldean gozatzeko gai izatea.

Programa

- Oinez, korrika eta dantzan.

- Sokarekin lanean.

- Izpilua erabiliz dantza trasmisioan.

- Bikotearekin dantzan lehen urratsak: pasodoblea.

- Erritmo binario eta ternarioa (gora euskaltzaindia!). Baltseoan.

- Oinarrizko glosarioa: puntua, erritmoa, anakrusa, azentoa, konpasa, tartekoak.

- Kontrapasa (txotisa) eta kontraiantza (boleroa) erritmoak.

- Emiolia gure tradizioan: balsa eta mazurkatik jota-fandangora.

- Polka, txotisa, pasodoblea, balsa, mazurka, foxa, boleroa, polka, e.a.

- Dantza jauzien sistemaren oinarriak. 

Ordutegia

Ikastaroa 25 ordukoa izango da, eta 25 ordu betetzen dutenei kreditu bat aitortuko zaie. Ikastaroa 120 minutuko saioetan antolatuko da, asteartean 15:30etatik 17:30ak arte. Ikastaroa irailaren 30ean hasiko da eta lehen eskola eguna doan, irekia izango da frogatu nahi duenarentzat izena eman aurretik. Matrikularen prezioa 25€ da.

Non

Bilboko Irakasleen Unibertsitate eskolan
Sarriena auzoa, z/g – 48940 (Leioa)
Tel: 94 601 75 24
E-posta: bi-iue.atezaina@ehu.es

Izen ematea

2014.eko urriaren 6a baino lehenago, izena emateko, ikastaroaren izena ("Dantza eta musika") eta ikaslearen datuak (izen abizenak, ikasten ari den gradua eta maila, helbide elektronikoa eta telefonoa) agindu beharko dira honako helbidera:

bulegoa@aikotaldea.com

Diru sarrera Laboral Kutxako honako kontuan egin beharko da ikaslearen izen abizenak argi adieraziz:

ES75    3035   0071   63    0710046400

 

www.aikotaldea.com

bulegoa@aikotaldea.com

Tel. 634 423 539

 

 

 

 

AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus