26-11-2014
Aiko News: Lehen urratsak dantzan emateko tailerra

KULUNKAZ

Lehen urratsak dantzan emateko tailerra

Data: Larunbata, abenduak 27

Lekua: Bizkaia Aretoa UPV/EHU (Abandoibarra 3, Bilbo. Tranbia-geralekua: Guggenheim)

Ordua: 11:00etatik 12:30etara (ordu eta erdiko iraupena, gutxi gorabehera)

Prezioa: 10€ heldu bakoitzeko, egunean bertan sarreran ordaintzeko.

0-2 urteko TAILERRA: Interesatuta daudenek haurrak tailerrera eraman ditzakete (edoskitze-gela bat eta arropa eta umeen kotxetxoak eta aulkitxoak zaintzeko zerbitzua egingo dira), edo panpinez balia daitezke ariketak egiteko

3-6 urteko TAILERRA: Tailer hau 3 eta 6 urte tarteko neska-mutilei zuzenduta dago, gutxienez heldu batek lagunduta daudela.

Izen-ematea: 634 423 539 telefonoan: partaideen izen abizenak eman, aukeratutako tailerra (0-2 ala 3-6) eta haurrik etortzekoan beraien izenak eta adina.

Plaza kopuru mugatua (izen-emateen hurrenkeran)

 

Haurrentzako erreferenteak

Umeei beren kasa dantza egiten uztea izan da azken urteotako joera nagusia, eta ez da kontuan hartu, adin horretan dantzazaletasuna finkatzeko, imitatzeko moduko erreferenteak behar dituztela inguruko helduen artean. Horixe da Kulunkaz tailer honen helburu nagusietako bat: haurrei inguruko helduak imitatzea ahalbidetuko dieten oinarri-oinarrizko tresnak eskaintzea. Hau da, familian dantza sustatzea.

Dantzaren transmisioa

Dantzaren transmisiorako prozesu tradizionala anitza eta konplexua da. Ezaguerak, errutinak eta ohiturak hartzea, eta musikarekiko erantzun psikomotorrerako mekanismoak garatu eta finkatzea oharkabe gertatu ohi dira, era askotako jolas eta ariketen bitartez. Mota ugaritako entretenimendu hauek amaren sabel barruko esperientziatik has daitezke, eta gerora, bizitza osoko jarraipena izaten dute. Tailer honetan, dantza-tradizioa arbasoengandik jaso eta ondorengoengana igorri nahian dabiltzan bi dantza-maisuren esperientzia zabaltzen saiatuko gara.

Bi talde: 0-2 urte eta 3-6 urte

Tailerreko esperientzia optimizatzeko, bi talde eratu dira adinen arabera. Alde batetik 0-2 urteko taldea, Sabin Bikandiren eskutik, besoetan dauden umeei, paseatzeko kotxetxoan edo aulkitxoan dabiltzanei nahiz panpinekin jolasten dutenei zuzendutakoa. Eta bestetik, 3 eta 6 urte tarteko haurren taldea, Patxi Labordaren ardurapekoa. Bi tailerrak aldi berean egingo dira 11:00etatik aurrera, ordu eta erdi inguruko iraupena izango dute, eta ume bakoitzak gutxienez heldu batek lagunduta egon beharko du.

0-2 urteko TAILERRA

Tailer praktiko eta ludikoa izango da, helduentzat diseinatutakoa, ibiltzen ikasi ez duten edo trikili-trakala dabiltzan umeen artean dantzarekiko lehen hartu-emanak errazteko baliabideak eta ariketak ikas ditzaten. Horien artekoak ditugu haurren seniderik hurbilenak (gurasoak, osaba-izebak, aiton-amonak...) edota haurtzaindegietan nahiz 0-2 urteko geletan umeen hezkuntzaz arduratzen direnak.

Interesatuta daudenek haurrak tailerrera eraman ditzakete (edoskitze-gela bat eta arropa eta umeen kotxetxoak eta aulkitxoak zaintzeko zerbitzua egingo dira), edo panpinez balia daitezke ariketa hauek egiteko:

-Jaio berritatik dantzan.
-Burditxoan, sehaskan, altzoan ere.
-Sehaska kantak: ababatsue.
-Tatalamixo.
-Txintxon.
-Dantzan.
-Txaloak, mahaigainean eta beste erritmoa markatzeko aukerak eta jolasak.

3-6 urteko TAILERRA

Tailer hau 3 eta 6 urte tarteko neska-mutilei zuzenduta dago, gutxienez heldu batek lagunduta daudela. Adin honetan, dantza hainbat koreografia itxiren bitartez ikas daiteke (haien joera imitatzea baita, oso era intuitiboan), edota gustukoen dituzten musiken interpretazio libreaz. Azken kasu honetan ere, partekatzeko moduko egitura erritmikoaz balia gaitezke.

Tailerrak ez du imitatzen irakatsi behar, imitaziorako eredu izaten baizik, egiten dugunaz jabetu, etxeko txikienekin parteka dezakegunaz ohartu eta egitura argiko dantzaren bidez haiekin komunikatzeko erabil ditzakegun moduez kontura gaitezen. Bestela esanda, imitazioaren zailtasunak bilatu eta identifikatzea, horiek potentziatzeko indarguneak barne. Sorkuntza bultzatzea, eta talde, bikote eta abarren barruko eginbeharra sustatzea.

Bestalde, musikarekin jolasten hasteko era desberdinak proposatuko ditugu: pultsua, erritmoa, azentua edota esaldiaren pertzepzioa, edozein musikari aplika dakizkiokeen jolasen bitartez.

Tailerraren arduradunak:

Sabin Bikandi AIKO Taldeko dantza-maisua da, eta helduei dantza egiten irakastea xede duen Dantzaldi Ibiltaria proiektuaren sustatzaileetako bat. Horrez gain, dantza tradizionaleko irakaslea izan da Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian. Era berean, Londresko Unibertsitatean Etnomusikologian doktoratu eta Musikako Goi Mailako Irakaslea da. Txisturako doinuen egile eta moldatzaile ez ezik, Bilboko Udal Txistulari Bandako kidea da.

Patxi Laborda dantza-maisua, koreografoa eta txuntxuneroa dugu. Hainbat dantza eta antzerki ikuskizunetako gidoilari eta zuzendaria izan da, eta dantzak berreskuratu eta errekreatzeko prozesuetan eta zenbait ikerketa etnografikotan parte hartu du. Neguko folklorean espezializatuta dago, eta dantza tradizioala, neguko solstizioa eta inateriei buruzko hainbat lan egin ditu. Dantza-irakaslea da Bilboko Musika Eskolan eta Aiko taldeko dantza maisua taldearen sorreratik.

 

 

AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus