09-02-2015
AIKO news: Galiziako jotak: "es así, o no... y también..."

Ederra larunbatean egin genuen bidaia. Sergio Cobos dantza maisuaren eskutik, Galizian egiten den jotaren estruktura eta doinuetan murgildu ginen hiru orduz: Fonsagrada, os Ancares, Costa da Morte… jotan jarri gintuen pandereta eta ahots hutsez: indartsu eta zuzena.

“Vuelta, paseo, punto…” sortu genituen gure herrixka ( “aldea” ) txikiak. Talde bakoitzean puntuan markatzen zituena, ahal zuen moduan, taldea zuzentzen, eta guziak berari so … Saiatu, saiatu ginen, baina hiru orduetan, berak zioen moduan, ez zituen erantzun gehiegi ekarri, baizik eta galderak sortu.

Eta guzia baltseoan oinarriturik: “¿alguno no sabe valsear? ¿a qué esperáis?”, dantzaren abiapuntua eta topatu genuen aniztasunaren oinarria. Hortik aurrera askatasuna, bapatekotasuna, ludikotasuna eta, bere hitzetan...maitasuna.

Eta bukatzeko, “maneo”a, bitxikeri bat, altxor txiki bat eskuen artean irristatzen zitzaiguna… erreza zirudien, baina…

Ongi pasatu genuen, bai, eta Galiziako joten inguruan genuen aurreiritziak eztanda eginda, oheratu ginen punta takoi madarikatu hura buruan.

Eta nik diot: Bartolo Lasa, Zeberioko jotalariak, Soldaduska Jacan egin beharrean Ferrolen egin balu, zer demontre izango lirateke gaur egun Arratiako Jotak?: zorabiatzen hasia naiz.

Ea hurrengoan Salamankako lagunek horren zapore goxoa usten diguten. Seguru baietz.

AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus