21-01-2016
AIKO Taldeak UPV/EHUren Arabako Campusera eramango du musika eta dantza tradizionala

Javier Garaizar Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Arabako campuseko errektoreordeak eta Sabin Bikandi AIKO Taldeko kideak unibertsitate esparruan musika eta dantza tradizionala sustatzea xede duen lankidetza-hitzarmena sinatu dute. UPV/EHUren Arabako campuseko komunitate unibertsitarioak –ikasleek, irakasleek eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileek– dantza ikasi eta praktikatzeko beste modu aurrerakoiago, errazago eta jostagarriago batez gozatzeko aukera izango dute, baita interesatuta egon daitezkeen gainerako pertsona guztiek ere, jarduerak jende guztiarentzat irekita egongo baitira. AIKOk gozamena du ohiko jardunaren ardatz, pasodoblea, jota, polka, porrua, mazurka, txotisa eta jauziak bezalako plazako dantzen praktikaren bitartez, besteak beste. Abenduaren 15ean abiaraziko duen dantza-tailerra eta Dantzaldi Ibiltaria (2016ko asteroko dantza-eskolak) dira antolatuak dituen lehenengo jarduerak.

Dantza-tailerra, abenduaren 15ean

Honela, hitzarmenaren ondorioz antolatuko den lehenengo jarduera, Unibertsitateko Pabilioian eskainiko den dantza-tailerra izango da, abenduaren 15ean, 18:00etatik aurrera, UPV/EHUren Arabako campusak 2012an Unibertsitatean euskara sustatzeko abiarazi zuen EHUskARABAnda delako ekimenari atxikita. Tailerra, komunitate unibertsitarioarentzat ez ezik, publiko orokorrarentzat ere irekita egongo da, eta ondorioz, aukera paregabea eskainiko die dantza tradizionalak ikasi nahi dituzten guztiei, AIKO Taldearen metodo 'naturalagoa, lasaiagoa eta jostagarriagoa' froga dezaten, 'dantzan ikasteko beste era bat'.

Dantzaldi Ibiltaria, 2016an

Unibertsitate publikoaren Arabako campusarekiko akordioa abian jarri ahala, Gasteizera hedatu ahal izango da AIKO Taldeak Bilboko Bizkaia Aretoan –UPV/EHUren Abandoinbarrako paraninfoan– abian duen Dantzaldi Ibiltaria delako ikastaro egonkorra. Honela, 2016an, otsaiiletik ekainera bitarteko ostegunetan, prestakuntza-ekintza hau Arabako Campusean ere antolatuko da (90 minutuko asteko eskolak), interesatuta dauden pertsona guztiek hastapen mailan (18:00etan) nahiz maila aurreratuan (19:30etan) trebatzeko aukera izan dezaten. Ekimena jende guztiarentzat irekita dago, baina UPV/EHUrekiko lotura dutenek eta 30 urtetik beherakoek prezio bereziak izango dituzte matrikuletan.

 

Izena emateko eskoletan bertan edo:

http://aikotaldea.eus/dantzaldi-inskripzioa.php?idioma=eu

bulegoa@aikotaldea.eus / tel.: 634 423 539. Lehen kontaktua izan nahi dutenentzat, eskolak doakoak izango dira otsailan, eta ikastaro osorako matrikula horren ondotik egin ahal izango dute.Izena emateko epea irekita dago jadanik.

AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus