17-10-2014
MUGALARI.INFO: Erdu dantzara geugaz!

 

Urteak badira Durangoko Plateruenean dantza, erromeri, lagun giro, dibertimendu eta komunikazio gunea aurkitu genuela. Baina gune soil izateari utzi eta nahi gabean Aikotarron etxe bihurtu zaigu, edo beste era batera esanda dantzazaleon aterpe. Ematen ahalegindu garen heinean, jaso ere asko jaso dugu eta dantza aitzakia hartuta elkarbizitza gozagarria daramagu: dantzaz eta dantzan gozatzen dugulako eta urreratzen zaigunari horixe transmititzen saiatzea dugulako zeregin. Urtea joan eta hurrengoa etorri familia osotuz joan gara, eta osotuz jarrai zezan nahi genuke datozenetan ere.

Horretarako Platerueneko ateak zabalik aurkitu izan ditugun legez, era berean gureak ere, dantzarako gogo, egonezin edo jakin nahia lukeen edozein asetzen ahalegintzeko, parez pare zabalik aurkituko dituzue, ez izan dudarik. Eta ahalegina diogu, nahikari altuegirik barik, besterik ezin dugulako agindu. Gauza xinple eta xumeekin gozatzen dutenetakoak gara, pasodoble baten un-dos, un-dos-arekin, jotaren baltseoarekin edo bikotearekin batera dantzatzearen plazer hutsarekin. Besterik gabe, denok dugun dantzarako txinparta hori bizitu nahi baduzu, Plateruenan astero eta hilean behin igandez, zain gaituzu. Erdu dantzara geugaz!

* Josu Garate (Aiko Taldea)

AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus