26-12-2014
MUGALARI.INFO: BIHAR | AIKO Taldeak 6 urte arteko umeak dantza trebatzeko bi tailer antolatu ditu EHUren lankidetzaz

Mugalari

|      Helburua, helduak txikienek imitatzeko moduko eredu bihurtzea da, jolas eta ariketa ludikoen bitartez dantzazaletasuna sustatzeko behar dituzten tresnak eskainiz

|      ‘Kulunkaz – Gure lehen urratsak dantzan’ izenburupeko familia giroko dantza-tailer hauek bi adin-taldetan banatuta (0-2 urteko taldea eta 3-6 urteko taldea) egingo dira larunbatean, abenduak 27, Bizkaia Aretoan, UPV/EHUren Abandoibarrako paraninfoan (Bilbon)

Dantza tradizionalaren dibulgazioan diharduten musikari eta dantza-maisuez osatutako AIKO Taldeak 6 urte arteko haurrei dantza ezagutarazteko tresna berriak eskaintzea xede duten bi tailer antolatu dituzte. Ekimen hau Euskal Herriko Unibertsitatearen lankidetzaz mamitu da, bi erakundeek abuztuan jatorri tradizionaleko musika eta dantza sustatzeko sinatu zuten hitzarmenari jarraiki.

Kulunkaz – Gure lehen urratsak dantzan” izenburupeko ekimen honek abiapuntutzat hartu du ume txikiek helduak imitatzeko duten joera. Txikienentzat inguruneko helduak dira –gurasoak, aiton-amonak, osaba-izebak– imitatu beharreko ereduak. Beraz, dantzazaletasunaren transmisio egokia lortzeko, behar-beharrezkoa da helduei 6 urte arteko haurrak dantzan trebatzeko moduko tresnak eskaintzea. Gogoan izan behar da musikaren estimuluak eragindako erantzun automatikoak era askotako jolas eta ariketen bitartez eta, denboran atzera eginez gero, are amaren sabel barruko sentsazioen bitartez garatzen direla.

Ondorioz, komenigarria da, dantzazaletasuna igorri nahi duten gurasoek, senideek eta gainerako helduek haurrengan automatismo horiek garatuko dituzten ezagutza eta ohitura berriak hartzea. Horretarako, arras lagungarriak dira jolasak eta izaera ludikoko beste entretenimendu batzuk, dantza-jarduera esperientzia plazergarritzat zabaltzeko tresnarik egokienak baitira.

Familia giroan dantzaz gozatzea xede duten tailer hauek bi adin-taldetan banatuta antolatu dira (0-2 urteko taldea eta 3-6 urteko taldea). Bata zein bestea abenduaren 27an egingo dira Bizkaia Aretoan, UPV/EHUren Abandoibarrako paraninfoan (Bilbon), goizeko 11etatik aurrera. Tailerrak AIKO Taldeko bi kide hauek emango dituzte: Sabin Bikandik (musika-jotzailea, musikagilea eta dantza-maisua) eta Patxi Labordak (dantza-maisua). Tailer bakoitzak ordu eta erdiko iraupena izango du, eta izen-ematearen prezioa 10 eurokoa da helduentzat. Ekimena UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko kultur-sareak eratutako Kulturbasque izeneko topaketa eta jarduera programazioaren barruan antolatu da.

Plaza kopurua mugatua denez, tailer batean zein bestean parte hartzeko interesa dutenek izena eman dezakete bulegoa@aikotaldea.eus posta elektronikoan edo 634 423 539 telefonoan. Informazio gehiago hemen: www.aikotaldea.com <http://www.aikotaldea.eus> .

Bi urte arteko tailerra –Sabin Bikandik emango duena– ibiltzen ikasi ez duten edo trikili-trakala dabiltzan umeen artean dantzarekiko lehen hartu-emanak errazteko baliabideak eta ariketak ikasi nahian dabiltzan helduei zuzenduta dago nagusiki, haurtzaindegietako eta haur-eskoletako irakaskuntza arloko profesionalak barne. Besoetan nahiz paseatzeko kotxetxoan edo aulkitxoan dauden umeekin edota panpinekin lan egingo da.

3 eta 6 urte tarteko tailerra –Patxi Labordaren eskutik– heldu batek lagunduta parte hartuko duten neska-mutilentzat diseinatuta dago, eta bertan, musikarekin jolasten hasteko modu desberdinak proposatuko dira: pultsua, erritmoa, azentua edota esaldiaren pertzepzioa, edozein musikari aplika dakizkiokeen jolasen bitartez. Helburua, imitatuak izaten ikastea da, etxeko txikienekin parteka dezakegunaz eta dantzak haiekin komunikatzeko eskaintzen digun aukeraz ohartu eta sorkuntza eta talde edo bikote barruko eginbeharra sustatzeko asmoz.

Sabin Bikandi AIKO Taldeko eta helduei dantza egiten irakastea xede duen Dantzaldi Ibiltaria proiektuko dantza-maisua da. Goi mailako musika irakaslea eta Etnomusikologian Doktorea Londreseko unibertsitatean. Hainbat talde eta erakundetan aritu da musikaren historiako irakasle edo/ta jotzaile moduan eta dantza tradizionaleko irakaslea izan da Musikene, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian. Konpositore gisa, txistu eta tradiziozko musika inguruan hainbat musika lan idatzi eta moldatu ditu.

Patxi Laborda Dantza maisu, koreografo eta txuntxuneroa. Ikuskizun ezberdinen gidoilari eta zuzendaria, dantzen berreskuratze edo birsortze prozesuetan aditua da. Neguko folklorean berzitua, hainbat lanak euskal dantzaz, neguko solstizioaz eta ihauterietaz egin ditu. Gaur egun Bilboko musika eskolako dantza maisu bezala aritzen da.

AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus