16-07-2015
BERRIA-ATARIA: Dantzan ala dantzak ikasi?

AIKO Taldeak dantza lantegi bat eskainiko du bihar, Berastegin; binakako garai bateko dantzak berreskuratzeko egiten dute lan

Rebeka Calvo

Zenbat bikotek egin ote dute topo dantzaren bidez? Zenbat harreman sortu ote dira herriko plazetako erromerietan? Ohitura hori, ordea, beste asko bezala, galtzen doala dirudi. Hori uste dute behintzat Aiko Taldeko kideek eta hori dela eta bikoteko dantzak berreskuratzeko lantegi eta erromeriak antolatzen dituzte herriz herri Dantzaldi Ibiltaria izenpean. Beraien nahia ordea ez da dantzak erakustea; «dantzak erakutsi baino dantzan erakutsi nahi dugu, hori da gure erronka». Irune Arrizubieta Aiko taldeko kideak esandakoa da. Markinan egon da azken urteetan dantza irakasle eta orain Berastegin bizi da. Biharko dantza lantegia emateaz arduratuko da.

Lantegia eta erromeria
Herriz herri eskaintzen dituzten lantegi eta erromeriak Dantzaldi Ibiltaria proiektuaren barruan sartzen dituzte: «Bizkaian ibiltzen gara batez ere, eta Gipuzkoan Donostian. Ordu t’erdiko ikastaroa eskaintzen dugu batetik, eta beste ordu t’erdiko dantzaldia egiten dugu gero», esan du. Berastegikoa hortaz, ez da lantegi soila izango. Bihar dantzak ikasiko dituzte eta ikasitakoa praktikan jarri ahalko dute abuztuaren 9an, Salontzo jaien barruan, egingo duten erromerian. Lantegia doakoa izango da. «Salontzo jaietan erromeria egongo da, igandez, eta horren aitzakian aurretik lantegi bat eskainiko dugu ni ezagutzeko eta Aiko zer den eta gure filosofia zein den hurbiletik ezagutzeko. Lantegietan azalpen askorik ez da behar, hala ere, zuzenean dantza egiten dugu», esan du Arrizubietak.

Oinarritik hasten direla dio dantza irakasleak eta plaza dantzak egiten dituztela, baina ohikoak diren dantzetatik harago joaten direla: «Atzera egiten badugu pixka bat, gure guraso eta aiton-amonen garaira batez ere, bikoteko dantzak egiten zituztela ikusiko dugu; pasodobleak, baltsak, polkak...  denetarik. Gaur egun oso gutxi egiten da dantza bikoteka, ia desagertu da, eta gure nahia hori da hain justu, bikoteko dantzak bultzatzea».

Dantza egiteak harremanetarako laguntzen duela dio eta urteetan horretarako erabili izan dela gogoratu du. «Dantza harremanak egiteko egin izan da urteetan eta jende askok horrela topatu du bikotea, horrela ezagutu dira herri bateko eta bestekoak... dantzak harremanak egiteko oinarrizko modua zen. Gaur egun beste era batera ezagutzen gara, eta dantzak funtzio hori galdu du gure ustez», esan du dantza irakasleak.
«Gehienetan ikusten duguna da taldeka jarri eta fandangoa eta arin-arina direla nagusi, baina gure metodologia ezagutzen dutenak binaka jartzen dira zuzenean. Guk ez dugu fandango edo arin-arin bat ulertzen taldean, binaka edo launaka egiten dugu, bi bikote elkartuta», gaineratu du.

Tolosaldean zabaltzeko nahia
Berastegikoa Aiko Taldeak Tolosaldean eskaintzen duen lehen lantegia izango da. Hemen ere ezagutzera eman nahi dute euren proiektua eta ikastaroak eta abar eskaintzeko prest daudela diote.
«Aiko Taldea hainbat musikarik eta dantza maisuk osatzen dugu. Erromerietan lauzpabost musikarik hartzen dute parte eta plazan hiru bat dantza maisu izaten gara. Guk ez dugu hau dena ikuskizun bihurtzerik nahi, erromeria soil bat eskaini nahi alegia, guk jendea animatu nahi dugu dantzara, hori da gure helburu nagusia», azaldu du Arrizubietak.

Berastegin bizi den irakaslea  nahiko berria da taldean, bigarren urtea du, baina ondo ezagutzen du zein den Aikoren filosofia eta sorburua: «Xabin Bikandik, Patxi Labordak eta Larraitz Artetxek sortu zuten. Ikusi zuten dantzak beste funtzio batekin ulertu behar direla, ez bakarrik dantza taldeetarako. Dantza taldeetan dantzari asko dago, baina dantzazale gutxi daudela uste dugu. Gure ustez dantza herriarena da, denok egin ahal dugu, ez bakarrik arina edo trebea dena, edota astero entseatzen duena. Beraiek dantza eskoletan aritutakoak dira eta hor ikusitako hutsunetatik sortu zuten Aiko duela 6 bat urte», esan du.
Hutsuneak detektatuta horiei irtenbidea ematen saiatzen dira taldean eta horregatik hasten dira «oinarri oinarritik dantzan erakusten», euren filosofia ez baita dantzak erakustea, «dantzan erakustea baizik. Ez gara dantza eskola edo talde bat».

Jarraitzaile ugari
Dantza irakaslea Aikoren jarraitzaile izanda hasi zen taldearekin harremanetan eta hori ez da kasu isolatua: «Batez ere,  helduak hurbiltzen dira gure ikastaroetara. Gazteek beste mila aukera dituzte, eta ez dira gehiegi hurbiltzen. Behin hasi direnak Dantzagunean jarraitzen dute eta batzuk erromeria guztietara etortzen dira, Aikoko agenda buruz dakite eta atzetik izaten ditugu. Udaran herriz herri ibiltzen dira gurekin batera».

Izan ere, Dantzari Ibiltaria proiektuarekin batera Dantzagunea dute. «Oinarrizko dantza ezagupena dutenek hartu ohi dute parte eta Aikoko dantza irakasleek gidaturik dantzan egiteko aukera dute, edota dantzakera hobetzekoa, pauso eta dantza berriak ikastekoa...», argitu du irakasleak. «Azken batean, Dantzaldi Ibiltariak hasteko oinarrizko dantza ikastaroak eskaintzen ditu, eta bestalde, oinarrizko maila bat dutenentzat –ikastaroak egin dituztenentzat, dantzari edo dantzari ohientzat, edo dantzazaleentzat– astero elkartu eta praktikatzeko Dantzaguneak ditugu», gaineratu du.

 

 

AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus