01-10-2015
BIZKAIe: AIKO Taldea, hamar urte jentea jantzan jarten

AIKO Taldeak, Euskal Herriko jantza tradizionalak zabaltzen dabilen musikarien eta jantza-maisuen kolektiboak, matrikulea egiteko epea edegi dau, jantza tradizionalean hasi edo ikasitakoa hobetu guran dabilzan persona guztiek Dantza Ibiltariaren edizino barrian izena emoteko aukerea izan deien. Ikastaro barri hau urrian hasi eta bagilera artekoa izango da, eta bitarte honetan, Aiko taldeak jardunean egindako lehenengo 10 urteak ospatuko ditu, proiektuz ganezka etorriko dan urteurreneko ospakizun baten bitartez. Hamarkada honetan, milaka personak parte hartu dabe talde honen jardueretan, jantza tradizionala ikasteko, irakasteko, baloretako eta disfrutetako estilo barri bat finkatuz.
 
Orain arte antolatutako zazpi edizinoetan, 4.000 lagun inguru erakarri ditue, erromeria tradizionalen alderdi sozial eta ludikoa aldarrikatzeko eta euskal jantzak suspertzeko helburu oinarri hartuta.
 
Ikasturte barria Gernikan hasiko da gaur, eguenea, urriak 1, eta inaugurazino-eskolea Bilbon emongo da astelehenean, hilak 5. Aurreko edizinoetan lez, Dantzaldi Ibiltariaren ikastaroek bi maila eskainiko ditue -hastapen ikastaroa eta aurreratua- Bilbon (Bizkaia Aretoa), Donostian (Victoria Eugenia antzokia), Galdakaon (Urretako Eskola), Markinan (Uhagon kulturgunea), Gernikan (San Fidel Ikastola) eta Durangon (Plateruena Kafe Antzokia). Saioak astero-astero egingo dira, ordu eta erdikoak izango dira, eta matrikulearen prezioa 150 eurokoa da. Lehen kontaktua izan nahi dabenentzat, eskolak dobakoak izango dira urrian, eta ikastaro osorako matrikulea horren ondoren egin ahal izango dabe. Izena emoteko epea zabalik dago honezkero. Matrikulea Aikoren webgunean edo 634 423 539 telefonora deituz egin daiteke. Ondokoak dira ikastaroa hasteko aurreikusita dagozan egunak lekuen arabera: Gernika-Lumo (urriaren 1ean), Bilbo eta Galdakao (urriaren 5ean), Durango (urriaren 6an), Markina-Xemein (urriaren 7an) eta Donostia (urriaren 8an).

Azken urteotan, ekimenari era askotako barritasunak gaineratu jakoz eta, berbarako, igaz, Aiko taldeak UPV/EHUgaz sinatu eban lankidetza-hitzarmenari esker, Bizkaia Aretoko (Bilbo) ateak Dantzaldi Ibiltaria ekimenerako zabaldu ziran, jantza tradizionalagaz lotutako jarduera pedagogiko eta dibulgatiboak eta ikastaroak bertan antolatzeko aukerea emonez.

Aikoren igazko ikasturteko beste ekimen aitagarri bat Jotalariak izeneko hastapen-zikloa izan zan. Joteak Estaduko hainbat lekutan dituan aldaerak ezagutarazoteko antolatutako ekimen honen lehenengo edizinoak Asturias, Galizia eta Salamancako jantza-maisuak ekarri zituan Bilbo aldera. Era berean, egutegi akademikoaren amaieran, jantza tradizionalari buruzko udako ikastaro bat antolatu zan bagileko azken astegoienean, Areatzan, UPV/EHUren eta BBK Fundazinoagaz batera. Proposamenak egundoko arrakastea izan eban, euskal unibersidade publikoak antolatzen dituan udako ikastarorik jentetsuenetakoa bilakatu zalarik, matrikulazino-kopuruari jagokonez.

Kulunkaz ikastaroak nahiz musikarientzat diseinautako beste ikastaro batek (jantza tradizionalen errepertorio klasikoa interpretetan eta intrumentu-jotzailearen eta jantzariaren arteko harremanetan sakontzen ikasteko) jarraipena izango dabe denporaldi barri honetan be, eta barrikuntza lez, kantu-ikastaro monografiko bat antolatuko da, Itsaso Arrieta Labayru Ikastegiko kantu irakaslearen eskutik.

Era berean, barritzailea izango da UPV/EHUn abiarazoko dan Dantzalab Musika eta Jantza Laborategia, saio trinkoakaz batera, astegoieneko prestakuntza-jarduera osogarriak eskainiko dituana, besteak beste, master class-ak, irteerak, bisitaldiak, adituakazko topaketak eta abar. Ekimen hau UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko EHU Kultura Unibersidade Hedakuntzarako Zuzendaritzearen bitartez gauzatu da, 14 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzenduta, aldi berean eskola, ikerketa-zentroa, alkargunea eta zabalkuntza-gunea izan daiten. Dantzalaben bitartez, erantzuna emon nahi jako, euskal jantza tradizionalak belaunaldiz belaunaldiko transmisinorako erabili izan dituan kanalen krisiari, egungo gizartearen erabilera eta eskakizunen araberako alternatiba bat eskainiz ondare hau ezagutarazoteko.

Joteari eskainitako web-ataria izango da Aikok ikasturte barriari begira abiarazoko dauen beste barrikuntza bat. Taldearen webgunearen barruan sortuko dan Interneteko atal berezi honetan, jantza mueta horren inguruko alderdi pedagogikoak batuko dira. Jantza honen pausuei buruzko material didaktiko ugarigaz batera, pausu horreek egiteko era egokia bideoan ikusteko aukerea be eskainiko dau. Webgune hau, bestalde, Aiko taldea gaur egun lantzen dagoan joteari buruzko dokumentalaren online osogarri egokia izango da.


Hamar urteko ibilbidea

Dantzaldi Ibiltaria
ren ikasturte barri honek Aiko taldearen 10. urteurreneko ospakizuna izango dau mugarri. Kolektibo honek jantza tradizionala ikasi, irakatsi, balorau eta disfrutetako estilo barri bat finkatu dau. Hamarkada honetan, 4.000 persona inguruk parte hartu dabe taldeak Bizkaian, Gipuzkoan, Araban, Nafarroan eta Iparraldean antolatu dituan ehunka ikastaro, tailer, erromeria eta emonalditan.
 
Sabin Bikandi (Galdakao, 1965) dogu Aiko taldearen bultzatzaileetako bat. Etnomusikologian doktorau zan Londresko Unibersidadean, eta aurten, ikuskizun eszenikorako musika-konposizinorik onenaren Max Saria irabazi dau Gelajauziak lanaren partitureagaitik. Honegaz batera, Patxi Laborda eta Larraitz Artetxe jantza-maisuek eta Aitor Furundarena, Álvaro García eta Asier García musikariek osotu eben sortzaileen indargunea. Kolektiboa aberastuz joan da ordutik, Jon Maya Kukai jantza-taldeko koreografo ezagunak, Josu Garate, Ainhoa Odiaga eta Irune Arrizubieta jantzariek eta soinu tradizionalak hurretik ezagutzen dituen musikari adituek egindako ekarpenakaz, Jasone Akizu, Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta eta Mintxo Garaikoetxea (txistua); Jean Mixel Bedaxagar (txirula); Jon Gaminde eta Martin Ariztimuño (gaita); Asier González (alboka); Elur Arrieta, Ander Hurtado eta Boli (perkusioa); Miren Zeberio eta Ainara Artetxe (biolina); Iraide Sarria (biola); Iñigo Eskubi eta Enrike Solinís (gitarra); Juan Ortiz eta Gorka Aginaga (teklatuak); Koldo Salazar, Txus Aranburu eta Roberto Etxebarria (akordeoia); eta Amaiur Cajaraville (kontrabaxua) tarteko dirala.

Hamar urteotan, Aiko taldeak ezin konta ahala erromeria, ikastaro, tailer eta emonaldi ibiltari eskaini ditu Euskal Herrian zehar, Durangoko Plateruena Kafe Antzokia agertokirik ohikoenetakoa izanik, eta jantzarako esparru barriak be sortu ditu UPV/EHUko Errektoregoko Bizkaia Aretoa, Bilboko Campos Antzokia edota Donostiako Victoria Eugenia Antzokia lako eraikin ezagunetan. Ganera, taldearen jarduerea ez da zuzeneko emonaldietara mugatu, jantzarako musikea batzen daben 10 disko argitaratu baititu, herri-kulturearen ondarea ikertu eta ezagutzera emoteko ekimenetan be parte hartuz, besteak beste, Fasioren Mendea (Bonifazio Arandia musikari arratiarraren bizitza eta obreari buruzko ikerketa-lan sakona) edota Urraska-Dantza jauziak Sagasetaren bidetik (jauziak izeneko jantzen errepertorio osoari buruzko multimedia-bildumea).



Bizkaie!

AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus