02-12-2015
BIZKAIe: AIKO TALDEAK EHUREN ARABAKO CAMPUSERA EROANGO DITU MUSIKEA ETA JANTZA TRADIZIONALA

Javier Garaizar Euskal Herriko Unibersidadearen Arabako Campuseko errektoreordeak eta Sabin Bikandi Aiko taldeko kideak unibersidade esparruan musikea eta jantza tradizionala sustatzea helburu dauen lankidetza-hitzarmena sinatu dabe. Aiko taldeak estilo barri bat finkatu dau jantza tradizionala erakutsi eta jantzearen bitartez gozarazoteko orduan. Zeregin horretan 10 urte egin ditu honezkero, 4.000 lagun baino gehiagok parte hartu dabe taldeak bultzatutako ehunka ikastaro, tailer, erromeria eta emonalditan. Orain, UPV/EHUren Arabako campuseko komunidade unibersitarioak jantzak ikasi eta praktiketako beste modu aurrerakoiago, errazago eta jostagarriago batez gozetako aukerea izango dau, baita interesauta egon daitekezan ganerako persona guztiek be, jarduerak jente guztiarentzat zabalik egongo baitira. Aiko taldeak gozamena dau ohiko jardunaren ardatz, pasodoblea, jota, polka, porrua, mazurka, txotisa eta jauziak lako plazako jantzen praktikearen bitartez, besteak beste. Abenduaren 15ean abiarazoko dauen jantza-tailerra eta Dantzaldi Ibiltaria (2016ko asteroko jantza-eskolak) dira antolatuak dituan lehenengo jarduerak.
 
Sabin Bikandi Aiko-ko musikari eta jantza-maisua arduratuko da eskolak emoteaz. Etnomusikologian doktorau zan Londresko Unibersidadean, eta aurten, ikuskizun eszenikorako musika-konposizino onenaren Max Sari preziatua eskuratu dau. Euskal jantza tradizionala ikertzeaz gan, Bikandik musikea sortu eta musika-moldaketak egiten ditu, eta bere lanetan, era guztietako doinuak topau daitekez txisturako musikeari jagokonez. Goi mailako musika irakaslea izanik, hainbat irakaskuntza-zentrotan lan egin dau, eta musikari legez, Axlor taldeko kidea, Bilboko Udal Bandako tanbolin-jolea eta Aiko taldeko sortzailekidea izan da.
 

Jantza-tailerra, abenduaren 15ean

Hitzarmenaren ondorioz antolatuko dan lehenengo jarduerea, Unibersidadeko Pabilioian eskainiko dan jantza-tailerra izango da, abenduaren 15ean, 18:00etatik aurrera, UPV/EHUren Arabako campusak 2012an Unibersidadean euskerea sustatzeko abiarazotako EHUskARABAnda ekimenari atxikita. Tailerra, komunidade unibersitarioarentzat ez eze, publiko orokorrarentzat be zabalik egongo da, eta ondorioz, aukera parebakoa eskainiko deutse jantza tradizionalak ikasi nahi dituen guztiei, Aiko Taldearen metodo naturalagoa, lasaiagoa eta jostagarriagoa ezagutu deien, jantzan ikasteko beste era bat.
 

Dantzaldi Ibiltaria, 2016an

Unibersidade publikoaren Arabako campusagazko akordioa abian jarri ahala, Gasteizera zabaldu ahal izango da Aiko taldeak Bilboko Bizkaia Aretoan –UPV/EHUren Abandoinbarrako paraninfoan– abian dauen Dantzaldi Ibiltaria ikastaro egonkorra. Esangura horretan, 2016an, zezeiletik bagilera bitarteko eguenetan, prestakuntza-ekintza hau Arabako Campusean be antolatuko da (90 minutuko asteko eskolak), interesauta dagozan persona guztiek hastapen mailan (18:00etan) nahiz maila aurreratuan (19:30etan) trebatzeko aukerea izan deien. Ekimena jente guztiarentzat zabalik dago, baina UPV/EHUgazko loturea dabenek eta 30 urtetik beherakoek prezio bereziak izango ditue matrikuletan.
 
Izena emoteko eskoletan bertan edo: bulegoa@aikotaldea.eus / tel.: 634 423 539. Lehen kontaktua izan nahi dabenentzat, eskolak dobakoak izango dira zezeilean, eta ikastaro osorako matrikulea horren ondotik egin ahal izango dabe. Izena emoteko epea zabalik dago honezkero.
 
Aiko taldearen Dantzaldi Ibiltaria, Kutxabanken babespean, Bizkaia Aretoan (Bilbo) ez eze, Donostian (Victoria Eugenia Antzokia), Durangon (Plateruena Kafe Antzokia), Markinan, Gernikan, Galdakaon eta Berastegin dago gozagarri. Orain, UPV/EHUgazko lankidetza-hitzarmen honi esker, Arabako uriburua gehitu jake. Aurtengo udan, Andra Mari Zuriko jaietan, Aiko taldeak erromeria jentetsua eskaini eban bertako Matxete Plazan.
 
Hauxe da Aiko taldeak unibersidadeagaz sinatu dauen bigarren hitzarmena, igaz UPV/EHUren Bizkaiko campusagaz izenpetu eta parte-hartze-arrakasta handia ekarri dauen itunaren ondotik. Ekimen honi esker, hainbat tailer, mintegi eta erromeria antolatu dira Bizkaia Aretoan; horreen artean, 6 urte arteko umeei zuzendutako familia giroko Kulunkaz jantza-tailerra nabarmendu daiteke, baita musikarien artean jantza-errepertorioa zabaltzea helburu daben ikastaroak edota beste autonomia-erkidegoetako jantza-maisuen laguntzaz jotea ulertzeko era desbardinak alkartu dituan Jotalariak izeneko ekimena be, besteak beste.

Gainera, taldearen jarduerea ez da zuzeneko emonaldietara mugatu, jantzarako musikea batzen daben 10 disko argitaratu baititu, herri-kulturearen ondarea ikertu eta ezagutzera emoteko ekimenetan be parte hartuz, berbarako, Fasioren Mendea (Bonifazio Arandia musikari arratiarraren bizitza eta obreari buruzko ikerketa-lan sakona) edota Urraska-Dantza jauziak Sagasetaren bidetik (jauziak izeneko jantzen errepertorio osoari buruzko multimedia-bildumea).

AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus