06-03-2016
DEIA: Iñaki Irigoien: 'Dantza hizkuntza bat da'

Iñaki Irigoien aitzindari dugu euskal dantzen munduan. Dantzari iaioa, Euskal Dantzarien Biltzarreko presidente izandakoa, dantzaren alorreko ikertzaile nekaezina... Besteak beste, oraintsu Aiko taldeak estreinatu duen ‘Jotamentala’ dokumentalean ere parte hartu du.

Marta Morales. DANTZATZEA du pasio Iñaki Irigoienek (Bilbo, 1935). Gustura sentitzen da dantzan ari denean, mugimenduan, besteekin hartu-emanean. Dantzari aski ezaguna dugu deustuarra, azken 60 urteetan euskal dantzen alorrean bultzatzaile eta ikertzaile nekaezina izan da. Euskal Dantzarien Biltzarreko presidente izana, Aiko taldeak estreinatu berri duen Jotamentala dokumentalean ere ikusi dugu jota eta dantza zer diren azaltzen. Erromeriak aldarrikatzen ditu Irigoienek, “antzinakoak zein gaur-egunekoak, horrek berdin dio”. Garrantzitsuena “dantza egitea” baita, bere esanetan.

Euskal dantzak ikertu dituzu 60 urtez. Noiz eta zergatik hasi zinen ikertzen?

Ni, gaztetan, dantzatzen hasi nin-tzen baina, denborarekin, dantza-tzen nituen horiek nondik zetozen galdetzen hasi nintzen neure buruari; hau da, zein zen dantza bakoitzaren jatorria eta esanahia. Euskal Herri osoko dantzak egiten genituen gure dantza taldean, horretarako sortu baitziren talde horiek, besteak beste. Orduan konturatu nintzen, dantza batek izen bera izan arren, modu ezberdinetan egiten zela toki bakoitzean, hau da, pauso edo erritmo batzuk aldatu egiten zirela herri batetik bestera. Azkenerako, urte asko izan dira ikerketa munduan eman ditudanak. Asko ikasi dut, adibidez, udaletxe eta liburutegietako artxiboetan arakatuz.

Eta zer deskubritu duzu?

Dantzak ez direla denboran zehar bere horretan mantentzen diren zerbait, dantza ez dela zerbait zehatza, zurruna. Dantza jaio eta betirako berdin mantenduko den zerbait dela uste du jende askok, baina ez da horrela. Dantza egiten dugunean kultura zabaltzen ari gara, gure kultura ematen ari gara, baina gehienetan gurea dela uste dugun horrek beste kultura bat du oinarrian. Izan ere, kasu askotan, kanpotik etorritako dantzak gureak direla uste izaten dugu. Eta horrela dira askotan, baina geureganatu egin ditugulako. Fandangoa, adibidez, Espainiatik etorritakoa da, Andaluziatik, zehazki. Baina guk geure egin dugu. Eta, dantzatzerakoan, herri bakoitzak bere berezitasunak gehitu dizkio dantza bakoitzari.

Esan daiteke dantza motak asko aldatu direla urteen poderioz?

Aldatu bai, baina dantza eredu berri bat sortu dela esan genezake. Batetik, dantzaren  esanahia dago; eta, bestetik, itxura. Momentu jakin batean, adibidez, fandangoa, arin-arina eta biribilketa batu egin genituen hemen. Aurreskuaren kasuan, adibidez, Erdi Arotik datorren eta antzinako garaietan neska-mutilen artean egiten zen dantza da. Baina badira 200 urte sokan egiten den dantza hori, fandango, arin-arin eta biribilketa batekin amaitzen dugula. Bistan da, beraz, dantzak aldatu egin direla.

Kanpokoak izan al du eraginik euskal dantzetan?

Gaur egun oso berritzaileak gara, eta kanpotik datozen dantza berriek eragin handia dute gure gizartean. Finean, mundu osoan andra-gizonen artean egiten den zerbait da dantza, baina bakoitzak bere erara egiten du. Dena den, gaur egungo gazteek garai batekoek baino gutxiago dantzatzen dute. Hala ere, dantza beti egon izan da eta egongo da. Herriak forma ezberdinak emango dizkio, baina jendeak beti egingo du dantzan. Gaur egun, herriari errotuta dago dantza

Sasoiak aldatu egin dira, eta ez gutxi. Zelan bizi zen dantza zure gaztaroan?

Garai horietan beti aritzen ginen dantzan, bai erromerietan, plazetan edota jaietan. Dantza gehiago egiten zen orduan orain egiten dena baino. Igandeetan, adibidez, ohikoa zen erromerietara joatea. Durangon edo Bilbon, adibidez, beti egiten ziren erromeriak. Hasteko, kanpotik ekarritako musika bandek dantza berriak ekartzen zituzten. Ostean, txistulariak egoten ziren, eta, orduan, fandango, arin-arin eta biribilketen momentua izaten zen. Dantza talderik ez zegoenez, herriko plazan ikasten genuen dantzan, zekitenengandik jasoz. Hala ere, gerora, dantza taldeak izan dira plazan egiten ziren dantza horiek jaso eta mantendu dituztenak. Eta, gaur egun, dantza taldeetan baino ez dago dantza bizirik. Horregatik, Aiko taldeak erromeriak berpiztu nahi izan ditu.

Hain justu, Aikok estreinatu berri duen ‘Jotamentala’ dokumentalean ikusi zaitugu. Zer iruditu zaizu proiektua?

Benetan lan ederra da. Dokumentalak ideia garbi bat azaltzen du: jota eta, orokorrean, dantza, herriak egindako zerbait dela. Bere bitartez, dantza jendearen arteko hartu-emana dela zabaldu nahi da; hau da, dantza ez dela ikuskizun hutsa, askoz gehiago dela.

Baina zer da zehazki jota izeneko dantza?

Azken urteetan erromerietan asko erabili izan den dantza da jota. Fandangoak, arin-arinak eta biribilketak osatzen dute dantza hau. Euskaldunen artean gehien errotu den dantza da jota, ziurrenik azken urteetan plazetan gehien dantzatu dena izan delako.

Zein da plazetan dantza egitearen garrantzia, zure ustez?

Batetik, besteekin harremantzeko bide dira erromeriak. Horren adibideak ugariak dira, Urkiolan egiten den erromeria, kasu. Erromeriak herritik kanpo egiten ziren garai batean, baseliza baten bueltan gehienetan, jendeak inguruko  herrietakoekin egoteko aukera eduki zezan. Neskalaguna edo mutilaguna topatzeko bidea ere baziren erromeriak, jakina. Izan ere, orduan ez zegoen gaur egun herri batetik bestera joateko dagoen mugikortasunik. Bestetik, erromeriek, eta dantzak orohar, herriaren parte sentitzeko aukera ere ematen digute, geure sentiarazten ditugulako.

Dindirri taldean hasi zinen dantzari, 1952an. Zer gogoratzen duzu garai hartatik?

Ondo gogoratzen dut garai hura. Frankismo sasoia zen; dena den, Francok dantza taldeak apur bat ibiltzen utzi zuen. Garai hartan, euskal kultura mailan egiten zen apurra dantza taldeetan egiten zen, eta Dindirri dantza taldea horretarako ere bazen. Ikuskizunak eskaintzeko sortu zen taldea, herriko folklorea zaintzeko. Izan ere, orduko garaietan euskal kulturara hurbiltzeko bide errazena dantza talde batera hurbiltzea zen. Gero, ikastolak etorri ziren eta, haiekin batera, beste mugimendu batzuk sortu ziren. Dena den, 60. hamarkadan, guda gainditu ostean, guraso eta heldu gehienak oraindik beldurrez jota zeuden. Gazteak etorri ziren orduan. Orduantxe hasi ziren  Euskal Herrian mugimendu politikoak eta dantza taldeak ugaritzen.

Besteak beste, Euskal Dantzarien Biltzarra sortu zen, 1965ean...

Frankismo garaian, txistulariena izan zen legeztatu zen lehen elkartea. Dindirri dantza taldekook gauza bera nahi genuen euskal dan-tzen munduan ere. Iparraldean sortu zen lehen elkartea, Baionan, han debekurik ez zegoelako. Franco hil ostean, Bizkaiko ordezkari izendatu ninduten. Funtzionamenduan aldaketa nahi genuen, behetik gorakoa izan zedila, goitik beherakoa izan beharrean. Hori lortzeko, 1978ean, Iruñean, Euskal Herriko herrialde guztietako taldeekin Dantzari Egun berezia antolatu zen.

Herri txikietako plazetako erromerien irudia datorkigu burura gehienoi, baina sasoi hartako dantza erakustaldiak hiri handietan, kaletarren artean hasi omen ziren.

Bai, horrela da. Dantza talde asko sortu zirenez, txapelketak ugaritu egin ziren. Erandion 60. hamarkadan egiten zena gogoratzen dut, bereziki. Askotan, plazetan dantza gutxiago egiten zen lekuetan edo dantzak beheraldiak bizi zituenean, txapelketak erabiltzen ziren dan-tza kalera ateratzeko, jendeak dan-tza ikusi eta ikasi zezan.

Zuk, ordea, behin baino gehiagotan kritikatu izan duzu dantza ulertzeko modu hori. Zergatik?

Euskaldunak norgehiagoka egitearen oso zaleak izan gara. Eta txapelketak, neurri batean, Euskal Jaiekin batera hasi ziren. XIX. mendearen amaieran jaio ziren Euskal Jaiak, Iparraldean, jendea bero-tzeko, animatzeko asmoarekin, dantzan ez zekitenak ikas zezaten. Baina, gerora, txapelketak norgehiagoka hutsean geratu dira. Pausoak oso korapilatsuak izaten dira, eta konturatzen zara hori ez dela herriko dantza, zerbait landuagoa baizik. Jota eta arin-arina oso errazak dira, edonork egiteko modukoak. Finean, dantza hizkuntza bat da, denon artean elkarrekin aritzeko eta elkar  ulertzeko tresna bat. Eta, horretarako, besteak zer egiten duen ulertu behar duzu. Dantza, egiteaz gain, bizi egin behar da. Gorputza mugitu behar duzu erritmo zehatz bati jarraituz; eta, gainera, bizi egiten baduzu, ondo baino hobeto!

Ikusten duzu dantzak eta antzinako ohiturak berreskuratzeko joerarik gaur egun?

Herrietan bertoko dantzak eta tradizioak berreskuratzen ari dira gaur egun, nire garaietan galtzen ari zirenak. Nire ustez, joera horren zergatia kanpotik datorren berdintasun globalean topa dezakegu. Bakoitzak bere neurrian, baina herri bakoitzak bere nortasuna berreskuratuz, adieraziz eta aldarrikatuz berditasun global horri aurre egiten dio. Horren adibide ditugu Markina-Xemeingo Ezpata-Dantza, edo Lekeitioko Kaxarranka, beste batzuen artean.

AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus