16-03-2016
BERTON aldizkaria: Sabin Bikandi, 'danborileroa': 'Unibertsitatea eta dantza lotu egin behar dira'

Aiko taldeko dantza-maisua da Sabin Bikandi (Galdakao, 1965), eta helduei dantza egiten irakastea xede duen Dantzaldi Ibiltaria proiektuaren sustatzaileetako bat. Txisturako doinuen egile eta moldatzaile ez ezik, Bilboko Udal Txistulari Bandako kidea da

Jotamentala izeneko dokumentala estreinatu duzue Aiko taldeko kideek orain hilabete. Zelako harrera izan du?

Lehenengoz jarri gara horrelako ekoizpen bat egiten. Bizkaia Aretoan egin genuen aurkezpenera jendea animatu zen eta oso giro polita sortu zen emanaldian. Errenterian ere egon ginen, eta jende mordoa etorri zen. Iruñeko Planetarioan ere proiektatu da. ETBrekin akordio batera heldu gara, eta apirilean eskaintzekoak dira gure dokumentala prime time-an. Pozik gaude izan duen harreragatik.

Zer dela eta bururatu zaizue jota dantza motari film dokumentala eskaintzea?

Audio grabaketak aspalditik egiten ditugu soinu ekoizpena menperatzen dugulako. Baina gure zeregina Aiko taldean dantza da, eta dantza zabaltzeko bitartekoa bideoa zela konturatu gara. Beste alde batetik, hainbat lagunek eskatu digute etxean dantza ikasteko pauso eta ariketa batzuren bideoak egiteko. Argi genuen jotarekin hasi behar genuela, jota baita gure bandera-ontzia. Orduan hasi ginen jotaren web gunea sortu nahian. Baina horri testuingurua eman behar genion, eta idazten hasi nintzen. Patxi Laborda kideak egun inork ez duela irakurtzen eta ikus-entzunezkoa egin behar genuela aipatu zuen arte. Izaera autonomoa duen dokumentala da lan horren emaitza. Bideografikek eta Eukeni Arriortua zuzendariak lan handia egin dute. Miraria izan da, gure ligan, gure aurrekontuarekin horrelako lana aurrera ateratzea.

Ez da Aiko taldeak ekoizten duen lehen ikus-entzunezkoa?

Ez, orain hiruzpalau urte hasi ginen gure ekoizpenak egiten. Bideografik etxekoek oso erreportaje polita egin zuten Aiko taldearen filosofiaren gainean. Zein ondo lan egiten duten konturatu ginen, eta Urbiako zelaietan eman genuen erromeria grabatu genuen Bideografik eta Gaua estudioko kideekin batera. Jende ona aurkitu dugu bidean, eta hori zerbaitegatik da, nire lagun batek dioenez.

Hurrengo erronka zein izango da?

San Antonio egunean Durangoko Plateruenan elkartu izan gara ikasturte amaierako bazkari eta erromerian. Aurten, aldatu egingo dugu. Ekaineko ekintza guztiak ahaztu, eta San Antonio egunean Urkiolara joango gara eta bertan elkartuko gara dantzazaleekin. ETBkoek grabatzeko asmoa dute bertan egingo dugun parranda.

Bilboko Udal Musika Bandarekin ere elkarlanean ari zarete.

Eurekin dantzan egin nahi dugu, musika bandarekin erromeria bat egin. Hori ere grabatu nahi genuke.

Web gunea nola doa?

Lantzen ari gara. Teknikoki pentsatu egin behar dira pausoak eta ariketak web gunea hornitzeko. Eduki interaktiboak eta esanguratsuak sortu nahian gabiltza.

Unibertsitatearekin batera dantza-laborategia sortu nahi duzue.

Dantza-laborategia, hori da gure proiektua. Ez dakit azkenean unibertsitatearekin batera egingo dugun. Egungo gizarteak gauzatzeke duen ikasgaia da dantzaren irakaskuntza normalizatzea. Berandu eta txarto ari gara gure herrian. Lotsagarria da. Gure formakuntza hala-nolakoa izan da.

Bertan eta kanpoan ikasi duzu musika eta dantza.

Nire bidea aurkitu behar izan dut. Londresen ikasi nuen. Gero, bertako dantzak ikasteko dantza taldera jo nuen. Nire adinarekin dantza taldean sartzeko alboka ikasteko aulkian sartu nintzen. Baldarren taldean hasi nintzen dantza ikasten. Astiro-astiro aintzat hartu ninduten, eta halako batean taldeko lehendakariak lau pauso irakatsi zizkidan. Ez da normala. Ahoa bete egiten zaigu sarri gure kulturarekin eta euskaldunak baino euskaldunagoak garela esanez. Baina ipurdia agerian daukagu gauza askotan, eta horietako bat dantza da. Euskararekin batera, dantza da euskaldun egiten gaituena.

Diasporan dantzaren pisua handia da.

Euskara baino garrantzitsuagoa da dantza euskal diasporan. Euskaldun izateko Buenos Airesen, Montevideon edota Idahon dantzan jakin behar da. Egin dezakezu gaztelaniaz edo inglesez, baina dantzan jakin behar duzu. Dantzarik ez badakizu ez zara euskalduna.

Eta Euskal Herrian?

Bertan ere identitate ikurra da dantza. Berehala jotzen dugu dantzara. Zerbait euskaldundu nahi badugu dantzan egin behar da. Hori unibertsitatera sartzeko erronka daukagu. Ibilbide horretan ez dakigu nora helduko garen.

Pedagogia eta didaktika funtsezkoak dira aurrerabidean?

Doktoregotza bukatu nuenean ikusi nuen nire bidea ez zela akademia. Aukerak izan nituen unibertsitatean lan egiteko, baina kanpoan. Nik Euskal Herrian bizi nahi izan dut. Bizimodua ateratzen dut txistua jotzen eta dantza irakasten. Andreak dira nire ikasle gehienak, edadekoak, eta askoz zentzu gehiago du niretzat unibertsitatean bueltaka ibiltzeak baino.

EHUren Bizkaia Aretoan muturra sartu duzue. Dantzaldi Ibiltaria eskaintzen duzue bertan.

Hilero egiten dugu eta bidean asko ikasi dugu. Zelan irakatsi batik bat. Izan ditugu gure gorabeherak, baina esperientzia baikorra da. Lan handia dago egiteko unibertsitatea eta dantzaren inguruan. Lotu egin behar dira. Prestigiatu behar da dantza. Sinetsi behar dugu dantza ikasgai bat dela eta asko dagoela ikasteko. Neurtezina da. Bertako dantzaren aberastasuna itzela da. Horregatik sortu nahi dugu Dantza-laborategia.

Dantzerti goi eskola sortu berri da Bilbon, Sarrikon. Bidea zabalduko du?

Dantza garaikide etiketa duen estetika, lengoaia eta estiloaren aldeko apustua egin dute Dantzertin. Madrilen, Bartzelonan, Londresen ikas daiteke dantza garaikidea. Zer ezin liteke ikasi hemendik kanpo? Gurea. Gure dantzak, gure errepertorioa eta kultura koreografikoa. Pena hori da. Nik ere maite dut garaikidea. Max saria irabazi dut marcianada bat idazteagatik. Ez da garaikidearen aurka daukadan ezer. Baina lehen harria ipini behar bada ipini dezagun gurea, edo beste batzuekin batera gurea ere. Dantza tradizionalaren arrastorik ez dago. Hautazko ikasgai bat ere. Hori da nire kritika.

Musika-konposiziorik onenaren Max saria jaso duzu Kukai konpainiaren eta Cesc Gelabert koreografoaren Gelajauziak ikuskizunerako landu duzun partituragatik.

Jon Maia eta Kukairekin eta Cesc Gelabertekin lan egiteagatik zorionekoa izan naiz. Polita izan da Cescek nahi zuena ulertzea eta hori musikara eramatea; feedbacka eduki dugu. Max sarietarako hautatu gintuztela esan ziguten gero. Traje eta txapelarekin joateko erabaki egin genuen.

Max sarien galak zure urtegunarekin egin zuen bat.

50 urte bete nituen egun horretan. Loteria tokatu zitzaigun. Ekitaldia askoz friboloagoa espero nuen, baina giro beroa eta jende handia ikusi nuen. Zintzo zoriondu ninduten. Nirekin finalista izan zen Iñaki Salvador, eta sagarra hartu nuenean, 'Iñaki, sagar hau zure ere bada', esan nion.

Saria eskutan, 'danborilero' bezala aurkeztu zinen. Zergatik?

Jatorriz danborileroak izan garelako. Txistulari hitza nahiko berria da. Gainera, zerbaitetan ona banaiz danborra jotzen naiz ona, el puto amo. Eta ez daukat konplexurik hori aitortzeko. Izenarekin aldarrikatu nahi nuen txistua eta danborra ulertzeko beste era bat. Izan nuen neska-lagun bat Burgosekoa eta, hara joaten nintzenean, nire burua aurkezten nuen “Sabino Bikandi, humilde tamborilero vizcaíno” esanez. Apaltasun horretan indarra dago, harrotasuna. Ni danborileroa naiz eta Max sarietan ere bai. Iñaki Salvador eta beste finalistak crack batzuk dira. Jakin egin behar da bakoitzaren tokia zein den.

Danborileroa, musikagilea, moldatzailea, irakaslea... zer zara izatez?

Garai batean danborileroak eta musikariak oro har dantza-maisuak ziren. Musika eta mugimendua da dantza; biak batuta. Hori ahaztu egin zaigu. Bizimodua pasa ahala lortzen ari naiz inguruko lagun batzuk konturatzea zein garrantzisua den musika dantzan. Hanka zeruraino altxa dezakezu baina musikaz bat ez badoa alperrik zabiltza. Lehenago hori argi zegoen, baina aspaldian galdu egin da.

Jendea dantzara bueltatuko da?

Dantza beti dago hor. Jendeak dantza behar du. Berezko gauza gutxi daude, baina musikarekiko erantzun psikomotore hori berezkoa da. Umeek badaukate, gero erreprimitu egiten dugu, baina atera egiten da. Sarritan jendeak taldean dantzan egitea behar du Macarena edo beste edozer, eta jendeak gozatu egiten du horrelakoetan.

Zelan dantza egitea gustatzen zaizu?

Oso freudianoa emango du, baina niretzat dantza da bikoteka eta andreekin dantza egitea. Komunikazio oso modu indartsua da. Gauza asko esaten dira dantzan.

Argazkia: Iñigo Azkona

Testua: Lur Mallea

 

AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus