06-06-2016
BIZKAIe: AIKOren eskutik, 'Tradegin: tradiziozko dantza garaikidea egin. 2016 Tradizioan sortzen' ikastaroa bagilaren 24tik 26ra

Gehien bat praktikoa izango dan ikastaroa bagilaren 24an, 25ean eta 26an eskainiko da Bilboko Bizkaia Aretoan, Euskal Herriko Unibersidadeak Bilboko Abandoibarrako pasealekuan dauen eraikinean.

AIKO Taldeak, euskal jantza tradizionala bultzatzen dauen eta musikariz eta jantza maisuz osotutako taldeak, Euskal Herriko Unibersidadeko Udako Ikastaroetan hartuko dau parte aurten be. 2015eko bagilean egin zan lehenengo edizinoaren erantzun ona ikusita, aurten UPV/EHUk eta AIKO Taldeak euren indarrak batuko ditue barriro be, Tradegin: tradiziozko dantza garaikidea egin. 2016 Tradizioan sortzen ikastaroa eskaintzeko. Prestakuntzako ekimen pedagogikoa gehien bat praktikoa da, eta bagilaren 24an, 25ean eta 26an eskainiko da, Bizkaia Aretoan, Euskal Herriko Unibersidadeak Bilboko Abandoibarrako pasealekuan dauen eraikinean.
 
Lehenengo edizinoan, Tradegin: tradiziozko dantza garaikidea egin udako ikastaroa Arenalean egin zan, eta 80 persona baino gehiagok hartu eben parte, Bizkaian egindako UPV/EHUko Udako Ikastaroen artean matrikulazino gehien jaso eban ikastaroa izan zan, eta 2015ean euskal unibersidadeak udan eskaintzen dauen prestakuntza eskaintza osoan partaidetza handiena izan eban bost ikastaroetako bat.
 
Oraingo honetan, Tradegin: tradiziozko dantza garaikidea egin. 2016 Tradizioan sortzen ikastaroa oso publiko anitzari dago zuzenduta, jantzako profesionaletatik jantza zale guztietara, jantza tradizionalaren ikuspegi garaikidean interesa dauen eta AIKO Taldearen jantza eta lan egiteko filosofia hurretik ezagutu eta gozau nahi dauen edozein personatik igaroz. Orain 10 urte sortu zanetik, taldeak, imitazino bidez jantza tradizionala transmitiduteko alternatiba barrien, gaur egungo biziteko moduetara egokituta dagozanen, aldeko apustua egin dau. AIKO Taldeak jantzan egiteko estilo tradizionala eta naturala zabaltzen dau bere metodo propioa erabiliz: ikasteko modu atsegina, erosoa eta erraza, gozatuz ikasteko modua, jantzan eginez gozetako.


Urbeltz, Lindy hop eta Portugal

Kultur eta pedagogia alorreko ekintza horretan AIKO Taldeko hainbat kidek hartuko dabe parte bagileko azken astegoienean, Patxi Laborda, Josu Garate eta Sabin Bikandi (musikaria, konposatzailea, Max 2015 sariduna) jantza maisuak; Juan Antonio Urbeltz folklorezale eta antropologo nafarra, maila goreneko aditua euskal jantza tradizionalaren ikerketan eta zabalkundean; Jon Maya Kukai Dantza Konpainiaren zuzendaria eta euskal jantza garaikidearen adierazle garrantzitsuenetakoa; eta Claude Iruretagoyena, koreografo ospetsua eta Biarritzeko Maritzuli Konpainiaren zuzendaria. AIKO sarritan ibili da talde horregaz lankidetzan.
 
Udako ikastaroak jantzearen beste adierazpen batzuei be erreparauko deutse, jantzari afro-amerikarrek New Yorkeko Savoy Ballroom aretoan sortutako eta gaur egun oso modan dagoan lindy hop izenekoari, adibidez. Jesús Terán jantzari eta irakasleak estilo horri buruzko master class bat eskainiko dau. Horrezaz gan, valsas mandadas izenekoak, Portugal iparraldeko jantza tradizionalak, ikasteko aukerea izango da Mercedes Prieto irakasle eta jantzariagaz.
 
Egitarauak hainbat estilo jasoko ditu, jotea, porru jantzea, mazurka edo balsa, eta baita Biarritzeko ezpatadantzea eta sokadantzea be. Aurten, ganera, jarduera berezia jasoko dau, AIKO Taldeko musikariek eta jantza irakasleek Bilboko Udal Musika Bandeagaz batera eskainiko daben BANDtzaldia ikuskizuna, bagilaren 24an, barikuan, arratsaldeko 19:30ean Plaza Barrian. Bilboko plaza enblematiko hori, animetan diran persona guztiek parte hartu deien zabalik egongo dan eta eszenatokian 50 musikari baino gehiago batuko dituan erromeria handiaren agertokia izango da.
 
Tradegin: tradiziozko dantza garaikidea egin. 2016 Tradizioan sortzen, UPV/EHUren Udako Ikastaroen XXXV. edizinoko Kultura, Musika eta Bertsolaritza Unibersidadean zikloaren barruan dago. Matrikulearen prezioa 40 eurokoa da, eta webgune honetan egin daiteke dagoeneko.
 

AIKO Taldea

Musikariz eta jantza maisuz osotutako alkarte kulturala da, eta urtean daroez musika eta jantza tradizionalaren ondare zabala zabaltzen eta ezagutarazoten eta erromerien espiritu herrikoia berreskuratzen dabil lanean, jantzarako espazio barriak sortuz eta gero eta talde zabalagoa inplikatuz. Taldearen bokazinoa modu natural, erlaxatu eta dibertigarrian jo eta jantzan egitea da eta pasino hori ahalik eta persona gehienei helarazotea.

Helburu horreen barruan sartzen da, aurten be bagileko azken astegoienean antolatu dauen dantza garaikidearen inguruko udako Ikastaroa; helburua jantza profesionalen eta zaleen arteko topaleku izatea eta euskal gizartean jantza tradizionalari ikusgaitasun handiagoa emotea da, oraingo honetan Euskal Herriko Unibersidadearen lankidetzeagaz.


Tradegin: tradiziozko dantza garaikidea egin. 2016 Tradizioan sortzen ikastaroaren egitaraua

- Bagilak, 24, barikua:

16:00retan, Tradizino garaikidea: Gelajauziak eta Gelajota. Jon Maya, Kukai Dantza Konpainiako zuzendaria.
17:30ean, Bikoaren bidea: Porruak sukaldatzen. Josu Garate (AIKO Taldea).
19:30ean, BANDtzaldia: Bilboko Udal Musika Bandea + AIKO Taldea (Plaza Barrian).


- Bagilak, 25, zapatua:

10:00etan, Miarritzeko espatadantzea eta Miarritzeko Sokadantzea. Claude Iruretagoyena (Maritzuli Konpainiako zuzendaria, Biarritz).
12:00etan, Lindy Hopen sistemea. Jesús Terán.
17:00etan, Dantza jauziak sortzen / Dantza jauzietan sortzen. Patxi Laborda (AIKO Taldea).  
19:00retan, Tradizinoan sortzen. Juan Antonio Urbeltz (ARGIA - Ikerfolk).
 

- Bagilak, 26, domekea:

10:00etan, Hirukoaren bidea: mazurka eta balsagaz sortzen. Sabin Bikandi (AIKO Taldea).  
12:00etan, Portugaleko balsas mandadas: Mercedes Prieto Martínez.

AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus