21-06-2016
BIZKAIe: Musika bandea eta jantza herrikoia bat eginda, Aikoren BANDtzaldian

Dabi Piedra - Kultura

Lehenengo emonaldia hilaren 24an, barikuan, izango da, Bilboko Azkuna Zentroan. Erromeriako doinuak joko ditu uriko Udal Musika Bandeak, Aiko taldekoek preparautako errepertorioan oinarrituta. Ondoren, Euskal Herri guztira zabaldu nahi dabe Bandtzaldia, herrietako banden laguntzinoagaz.

Musikea entzutean jantzan hastea berezkoa dogu, azaldu dau Sabin Bikandi Aikoko kideak. Musikea jesarrita eta geldirik entzuteko gaur egun dagoan modua albo batera itxi eta oinarrira bueltau nahi dau Aikok Bandtzaldian. Hau da, musika bandeak joten dauen artean, jenteak jantzan egitea nahi dabela dino Bikandik. Jantzan egiteko gogoari atea zabaltzera gatoz.

Horrenbestez, musikeagaz disfrutetako antxina egoten ziran moduak berreskuratzera dator Bandtzaldia. Izan be, Sabin Bikandik azaldu dauenez, herriko bandak izaten ziran lehen jentearen dibertimendu nagusia. Gero, debekuak eta ohitura aldaketak etorri ziran.

Bilboko Udal Musika Bandeak, 121 urteko historia luzean, lehenengo aldiz joko ditu erromeriako piezak. Hain zuzen be, Sabin Bikandik sortu eta Joserra Gutierrezek moldatutako 22 doinuko errepertorioa preparau dabe. Pasodobleak, jotak, polkak, txotisak, baltsak eta abar dagoz tartean. Jantzarako musikea da, baina bandeak jota, dino Bikandik.

Bandtzaldiaren estreinaldirako, herritar guztiak animau ditue. Ez da beharrezkoa jantzan egiten jakitea, gogoagaz nahikoa da. Azkuna Zentroko atarian egingo dabe erromeria, arratsaldeko 19:30ean. Bertan izango dira Aiko taldeko musikariak eta jantzariak, baita Bilboko Udal Musika Bandako 50 musikari inguru be. Jose Rafael Pascual Vilaplana bandako zuzendari titularrak gidatuko ditu musikariak emonaldi horretan.

Ilusinoa eta lan handia dagoz proiektu honen atzean, adierazo dau Sabin Bikandik, jente asko inplikau dogu. Bilboko Udalak eta BBK Fundazinoak, esate baterako, babesa emon deutsie Bandtzaldiari. Nekane Alonso Bilboko Kultura zinegotziak azaldu dauenez, jenteak parte hartzeko aukerea izatea da asmoa. Bikandik ganeratu dau, ikuskizuna guzti-guztion gozamenagaz osotuko dala.

Estreinaldia Bilbon izango dau Bandtzaldiak eta abenduaren 21ean beste emonaldi bat, helburu solidarioduna, egitea da asmoa, Bilbon bertan. Bizkaiko uriburutik be atera nahi dabe Bandtzaldia, baina. Uri eta herri askotako musika bandakaz berbetan dagoz (Iruñea, Hernani, Errenteria, Legazpi...), hitzorduak zehaztu ahal izateko.

Bandtzaldiaren inguruko bideoa, hemen.

AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus