13-10-2016
NONTZEBERRI: Musika (dantzarientzat) eta Dantza (musikarientzat)

Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskola (Dantzerti) eta Aiko Taldea elkartu egin dira ikastaro bi eskaintzeko: Musika (dantzarientzat) eta Dantza (musikarientzat).
Ekimenaren helburua musika eta dantzaren antzinako izpiritua berreskuratzea da, eta horretarako aurtengo urritik 2017ko ekainera bitarteko ostiral guztietan, Bilboko Dantzertiren egoitzan (Sarriko) egingo dira ikastaroak.

Aikok taldearen ustetan, “musikariek dantzari buruz gutxi dakite, eta dantza maisuei gauza bera gertatzen zaie musikarekin”.
Dantzertiko irakasleei eta ikasleei zabalik egoteaz gain, ikastaroak gai horretan interesatuta dauden koreografoei, musika irakaskuntza eta pedagogia adituei, musika orkestra edo banda zuzendariei, eta bestelako profesional guztiei ere zabalik daude. Bihar, urriaren 14an, hasiko dira Bilbon (Dantzerti 15:00etatik 16:00etara) eta Gasteizen (Musika Etxea 19:00etatik 20.00etara) eta urriaren 21ean Errenterian (Musika Eskola 19:00etatik 20.00etara).
Sabin Bikandi musikari eta dantza maisua, Aiko Taldeko kide sortzailea eta Maria Jose Lopez musika irakaslea izango dira ikastaroak emango dituztenak. “Musikariak gure dantzarako ofizioa berreskuratzeko lehen urratsa ematera gonbidatu nahi ditugu, dantza eginez jotzera, mugimendua entzuten ikastera; eta dantza maisuak euren gorputzen mugimendua espazio-denbora lerro horretan nola jarri eta antolatu ulertzera, erritmoaren bitartez, dantzatzen duten horri koherentzia emateko”.

AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus