27-12-2016
NONTZEBERRI: 'Baserri Antzokia Dantzan' programa, Derioko Baserri Antzokian

Baserri Antzokia Dantzan goiburupean, Euskararen aldeko Elkarteen Federazioak eta Txorierriko Zerbitzu Mankomunitateak dantza eta kantu programa antolatu du Aiko taldearekin batera. Hala, abenduaren 30ean, Aikoko musikariek eta dantza maisuek Dantzaldi Erromeria egingo dute, eta Dantzazaleak argazki erakusketa ere abiatuko da.

Hilabete honetatik aurrera, Aiko taldeak euskal kultura sustatuko du Baserri Antzokiarekin batera. Ostiralean, zuzeneko musika izango duen jaia izango da, eta bertan, taldeko irakasleek parte hartzera gonbidatuko dute jende guztia erromeria herrikoian, eta Dantzazaleak argazki erreportajea inauguratuko da. Erakusketa urtarrilaren 30era arte bisitatu ahal izango da.
Datorren urteko urtarrilaren 3an, Jota Eguna ospatuko da, eta bertan, espezialitate horri buruzko dantza tailerra eskaintzeaz gain, Jotamentala dokumentala emango da. Lan horretan “jotaren historia erakusten da, bekatuarekin lotutako zerbait gisa ikusia izatetik dantza ezagunenetakoa izatera zelan pasatu den azalduz”.

Azkenean, urtarrilaren 10ean hasiko dira asteroko dantza eta kantu ikastaroak, ekainaren amaierara arte luzatuko direnak. Sabin Bikandi, musikari eta dantza maisua, eta Katalin Zarate (Lezama, 1995), musikari eta dantzaria, izango dira Baserri Antzokian ikastaroa emango dutenak. Horrez gain, kantu ikastaroa ere eskainiko da astearteetan. Itsaso Arrieta adituak gidatuko ditu ikastaroak. Ikastaroaren helburua “Euskal Herriko abesti bilduma aberatsa (koplak, baladak, bertsoak, dantzatutako kantuak eta abestutako dantzak) zabaltzea eta ezagutaraztea da”.

AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus