27-12-2016
BIZKAIe: Derioko Baserri Antzokia AIKO Taldeagaz jantzan

Urteko azken barikuan, abenduaren 30ean, emongo jako hasierea, Aiko-ko musikariek eta jantza maisuek gidatuko daben Dantzaldi Erromeriagaz eta Jantzazaleak argazki erakusketeagaz.

 

Baserri Antzokia, oraintsu Euskerearen aldeko Alkarteen Federazinoak eta Txorierriko Zerbitzu Mankomunidadeak euskerea eta euskal kulturea sustatzeko martxan jarritako egitasmoak eskualde osoari zuzendutako jantza eta kantu programea antolatu du Aiko Taldea-gaz batera. Baserri Antzokia Jantzan goiburupean, haraneko biztanle guztiek eta bertara hurreratzen diranek, jantza eta kantu tradizional jarduerez gozetako aukerea izango dabe espazio barri horretan, AIKO Taldeko musikarien eta jantza maisuen laguntzinoagaz. Baserri Antzokian konpainia egonkor lez ibiliko danez, Txorierrirako erromeriak, tailerrak, zinemea, ikastaroak eta bestelako ekitaldi batzuk sustatuko ditu.

Seminario zaharraren atzealdean, Bizkaiko Teknologia Parkean, dagoan Baserri Antzokiak barriztau egin dabe, gaur egun programazinoa daben udalerrietako kultur eragile lez dagoeneko finkatuta dadagozan kafe antzokietan orain urte batzuk martxan jarri zan kontzeptua, eta aisiara eta kulturara zuzendutako azpiegitura barritzailea eskaintzen dau. Oraingo honetan, fundazinoa Totoanetik (Euskerearen aldeko Txorierriko Alkarteen Federazinoa) eta Sondika, Loiu, Deri, Zamudi, Lezama eta Larrabetzuko udalek osotzen daben Txorierriko Zerbitzu Mankomunidadeak sortu dau.

Hile honetatik aurrera, Aiko Taldeak bat egingo dau euskal kulturea sustatzeko lan horregaz, Baserri Antzokia Txorierriko bere egoitza bilakatuz, abenduaren 30ean, barikuan, martxan jarriko dan etenbako kultur agendea martxan jarriz. Egun horretan, erromeria herrikoia antolatu eta Jantzazaleak argazki erreportajea inaugurauko da. Datorren urtean dagoeneko, martitzenean, urtarrilaren 3an, Jota Eguna ospatuko da, eta bertan, espezialidade horri buruzko jantza tailerra eskaintzeaz gan, Jotamentala’ dokumentala emongo da. Azkenean, urtarrilaren 10ean hasiko dira asteroko jantza eta kantu ikastaroak.


Abenduak 30 – Urteko azken erromeria eta argazki erakusketea

Kultur lankidetza handi horri hasierea emoteko, Aiko-k Baserri Antzokia aukeratu dau bere urteko azken erromeriaren agertokia izan daiten. Abenduaren 30ean izango da, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Zuzeneko musikea izango dauen jaia izango da, eta bertan, taldeko irakasleek parte hartzera konbidauko dabe jente guztia, inoz jantzan egin ez dabenei be lehenengo pausuak emoten erakutsiz. Egun horretan bertan inauguratuko da Iñaki Andresek Aikok antolatu dituan ikastaroetan eta erromerietan hartutako argazkiz osotutako Dantzazaleak erakusketea, taldearen hamar urteko ibilbidean jarraitzaile izan dituen milaka jantzazaleak omentzeko. Erakusketea urtarrilaren 30era arte bisitau ahal izango da.

Urte barriko jarduera urtarrilaren 3an hasiko da, Jota Eguna-gaz. Euskal Herrian eta kanpoan be oso ezaguna dan jantza horren zabalkunde didaktikora eta pedagogikora zuzenduta egongo dan jardunaldia izango da. Alde batetik, joteari eskainitako jantza tailerra eskainiko da, eta oinarrizko jakingarriak eskainiko dira jantza horretan lehen pausuak emon nahi dituenei zuzenduta: testuinguru koreografikoa, oinarrizko pausuak, erritmo aldagaiak, posizinoak, etab. Ondoren pausu konplikatuagoak landuko dira, esperientzia gehiago daben ikasleei zuzenduta. Beste alde batetik, joan dan zezeilean Bilbon estreinau eta Euskal Herriko hainbat herritan ikusi ahal izan dan Jotamentala dokumentala eskainiko da. Lan horretan, jotearen historia erakusten da, pekatuagaz lotutako zeozer lez ikusia izatetik jantza ezagunenetakoa izatera zelan pasau den azalduz. Dokumentala egiteko, Aiko-k Cesc Gelabert edo Jon Maya lako jantzarien eta koreografoen eta Juan Antonio Urbeltz, Jon Pertika, Iñaki Irigoyen edo Jose Inazio Ansorena lako ikerlarien laguntzino eta testigantzak jaso ditu.


Dantzaldi Ibiltaria eta Kantu Ikastaroa

Aikok antolatuko dituan jardueren parte garrantzitsuena urtarrilaren bigarren astean helduko da, Dantzaldi Ibiltaria-gaz. Orain dala urte batzuk Bilbon, Donostian, Galdakaon, Durangon, Markina-Xemeinen, Berastegin eta Gernika-Lumon eskaintzen aen jantza ikastaro egonkor horregaz 4.000 zale baino gehiagok jantzan egiten eta jantzaz gozetan ikasteko aukerea izan dabe. Derion, hitzordua martitzen guztietan izango da, bagilera arte, saio bikotxean, ikastaroak maila bitan (hasierea eta hobekuntzea) emongo baitira: arratsaldeko 18:00etatik 19:30era lehenengo pausuak emon behar dituenentzat; eta 19:30etik 21:00etara aurretik ezagutzak dituen zaleentzat. Sabin Bikandi, musikari eta jantza maisua, eta Katalin Zarate (Lezama, 1995), musikari eta jantzaria, izango dira Baserri Antzokian ikastaroa emoango dabenak.

Horrezaz gan, Aiko Taldeak bere Kantu Ikastaroa be eskainiko dau martitzenetan. Ikastaro horretan parte hartuko dabenek Euskal Herri osoan jasotako melodia tradizionalak interpretetan ikasiko dabe, Itsaso Arrietaren eskutik. Irakasleak urteak emon ditu musikea batzen eta ikertzen, eta espezialistea da Euskal Herriko ahozko ondarearen transmisinoan. Ikastaroaren helburua Euskal Herriko abesti bilduma aberatsa zabaltzea eta ezagutarazotea da, koplak, baladak, bertsoak, jantzan egiteko kantuak eta abestutako jantzak tarteko. Klaseetan, abesti bakotxa bere testuinguruan azalduko dau, haren esanahian eta sinbologian sakontzeko eta euskerearen gozotasunaz edo zorroztasunaz jaubetzeko.

Jantza zein kantu ikastaroen matrikulako prezioa 110 eurokoa izango da (85 eurokoa Baserri Antzokiko bazkideentzat eta 14 eta 29 urte arteko gazteentzat). Lehenengo harrtu-emonak izan nahi dituanentzat, ikastaroak dobakoak izango dira urtarrilean, eta ondoren ikastaro osorako matrikuletako aukerea izango dabe. Matrikulazinoa: Aikor-en webgunearen bitartez, bulegoa@aikotaldea.eus helbide elektronikoan edo 634 423 539 telefono zenbakira deituz egin ahal izango da.

AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus