24-03-2017
DIARIO VASCO: AIKO Taldeak baltsa, mazurka eta fandangoa dantzatzen erakutsiko du larunbatean Donostian

Aiko Taldeak baltsaren, mazurkaren eta fandangoaren sekretuak argituko ditu Donostian larunbatean, martxoaren 25ean, hiru dantza horien arteko alde komunak agerian utziz, ikasteko, hobetzeko eta sakontzeko aukera emango duen tailer monografikoan. Ballet Trekin taldearekin eta Donostia Kulturarekin batera antolaturiko tailerrak plaza mugatuak ditu, eta Victoria Eugenia antzokiko dantza ikasgelan egingo da, 17:00etatik 20:00etara. Izen ematea bulegoa@aikotaldea.eus helbide elektronikoan egin daiteke, 20 euroren truke.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, tailer monografikoak "oso jatorri anitza eta adituen artean sarri askotan eztabaidatua" duten hiru dantza horien arteko antzekotasunak erakutsiko ditu. Baltsak, mazurkak eta fandangoak dantza orokor kategoria lortu dute, eta erritmo ternarioen familiaren barruan, hiru dantza ezagunenetakoak dira.

Tailerra emateko ardura Patxi Laborda eta Sabin Bikandi Aiko Taldeko dantza maisuek izango dute. Biek ibilbide luzea dute irakaskuntzan eta Aiko Taldeko kide dira duela hamar urte baino gehiago martxan hasi zenetik. Horrez gain, Bikandi musikaria eta konpositorea ere bada, eta euskal dantza tradizionalari buruzko ikerketa lan ugari egin ditu; Laborda, bere aldetik, koreografoa da, ikuskizunak zuzendu ditu, eta dantzak berreskuratzeko eta birsortzeko prozesuetan egin du lan.

 

Bestalde, apirilaren 1ean, arratsaldeko 18:00etan, Aiko Taldeak udaberriko lehenbiziko erromeria antolatuko du Gipuzkoan, Adunako plazan. Eguraldiak laguntzen badu, Bilbotik, Durangotik, Errenteriatik eta Donostiatik berariaz joandako dantzazaleak elkartuko dira, Adunako eta inguruetako biztanleekin, "betidaniko herriko jaien zaporea izango duen jai egunaz gozatzeko".

Horrela, 150 pertsona inguru goizetik elkartuko dira herriko Aburuza sagardotegian egingo den bazkari herrikoian, eta ondoren erromeria egingo da herriko plazan, Aiko Taldeko musikariekin eta dantza maisuekin. Eguraldiak ez badu laguntzen, erromeria sagardotegiko bertako instalazioetan ospatuko da.

AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus