27-06-2017
DEIA: Aiko taldeak dantzako maisu ospetsuak bilduko ditu UPV/EHUko udako ikastaroan

Ikastaroa gehien bat praktikoa da, eta oso publiko anitzari dago zuzenduta

EHUko Udako Ikastaroaren hirugarren eidizioa, “Tradegin: tradiziozko dantza garaikidea egin”, ekainaren 30tik uztailaren 2ra ospatuko da Areatzan.

BILBO. AIKO Taldeak, euskal dantza tradizionalaren hedapena bultzatzen duen eta musikariz eta dantza maisuz osatuta dagoen taldeak, Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan hartuko du parte aurten ere. Prestakuntzako ekimen pedagogikoa gehien bat praktikoa da eta publiko anitzari dago zuzenduta: dantzako profesionaletatik, dantza tradizionalaren ikuspegi garaikidean interesa duen edozein pertsonaraino. Tragedin 2017 ikastaroaren izena “Gurea ote?” da, beste kultura batzuen dantzak ezagututa, gure dantzen inguruan gogoeta bat egiteko aukera eskaintzen duena.

Horrela, jotarekin batera, ondo definitzen gaituen dantzetako bat, beste hainbat dantzen inguruko historia eta urratsak ezagutzeko aukera izango dute partaideek: Asturiaseko jota, Mediterraneo aldeko jota, flamenkoa, Aragoiko jota, etab. Guzti hau ikastaroan parte hartuko duten dantza maisuekin eta ikertzaileekin batera egingo da.

Asturiaseko dantza tradizionaletatik flamenkoaren jatorrira

Oraingo honetan, AIKO Taldeak beste hainbat tokitako dantzak ezagutzeko aukera eskaintzen du “Gurea ote?” ikastaroan. Horrela, beste kulturetako eta eskoletako dantza maisuekin batera, kultura desberdinetako eta gure kulturako dantzez gozatzeko aukera egongo da.

Jordi Rubio Serra, Terrassako Companya de dansa Mascaró de Proa dantza taldearen sortzaile eta dantzaria, ikastaroari hasiera emango dio hurrengo ostiralean, ekainaren 30ean,“Mediterraneo aldeko jotaren erritmoa” taillerra eskainiz. Rubi lokalitatean jaiota, Rubio Kataluniako dantzari eta dantza irakasle ezaguna da eta, beste hainbat gauzen artean, Rubi-ko Esbart Dansaire talde folklorikoaren zuzendari artistikoa izan da eta Bartzelona eta Alellako Antzerki Institutuaren Kataluniako dantza tradizionalaren irakaslea. Gaur egun, gainera, Kataluniako Talde Folklorikoen Elkartearen irakaslea da eta bertan kataluniako dantza tradizionalaren lengoaia irakasten du.

Uztailaren 1ean, “La jota de la tradición asturiana”-k emango dio hasiera ikastaroari Rosa Cuervorekin, “Conceyu de Cultura Tradicional Vezos Astures” taldeko dantzari eta irakaslea dena. Elkarte honetan folkloristak, eskulangileak, historiatzaileak, filologoak edota ahozko tradizioaren biltzaileak aurki daitezke Asturiaseko kulturaz biltzeaz, ikertzeaz eta ezagutarazteaz arduratzen den erakunde honetan;gainera, Madrilgo Asturiaseko zentraoren urrezko Basoilarra edota Asturiaseko telebistaren ibilbide onena duen taldearen saria irabazi ditu. Vezos Astures dantzen, musikaren, instrumentuen eta jantzi tradizionalen inguruko datuak biltzeaz arduratzen da eta, horretarako, ohitura horiek bizi izan zituzten pertsonekin jartzen da harremanetan, ahozko tradizioa bultzatuz belaunaldien artean.

Ondoren, ikastaroko partaideek “Flamenkoaren jatorria” ezagutzeko aukera izango dute, Reyes Leon-en eskutik, “La Castañuela de Sevilla” eskolako zuzendaria. Dantzari ezaguna eta dantza irakaslea, Joaquin Cortes edota Estrella Morente bezalako artistekin egin du lan eta 70 antzerki baino gehiagotan aritu da bere dantza taldearekin. AIKO Taldearen ikastaroan, flamenkoaren inguruko Master Class bat eskainiko du, Unescok Gizon-emakume guztien ondare materiagabea izendatu zuen 2010. urtean. Master Class honetan, herriak dantzatzen duen flamenkoaren inguruan arituko da Reyesek, emozioak oinarri duen flamenkoa hain zuzen. Era berean, flamenkoa eta euskal dantzak amankomunean dituzten ezaugarrien inguruan hitz egingo du.

Arratsaldean, Pedro Jose Lenadro Murtziako “La escuela bolera de Fuente Alamo”ren inguruan arituko da, pasa den urtean “Bien cultural de caracter inmaterial” saria jaso zuena. Pedro José Leandro, elkarte honen presidente eta bolero irakaslea, gitarra irakaslea da eta Camerata Aguilar eta Dúo Mengual orkestren partaidea izan da, azkenengo bi hauekin Espainia eta Europako hainbat tokitan aritu da kontzertuak eskaintzen;gainera, RTVE taldearentzat hainbat gauza grabatu ditu. Bolero maisuen eta musikarien familia batean jaio zen, eta, egun, musika irakaslea izateaz gain, folklore musikalaren inguruan hainbat gauza burutzen ditu. Txikitatik boleroak irakatsi dizkiote, bere familiak XIX. Mendearen erdialdetik irakasten dituenak.

Erromeriak eta gure dantzak

Beste behin, ikastaroari amaiera emateko, ostiral eta larunbat hauetan AIKO taldeko musikariek eta dantza maisuek erromeriak eskainiko dituzte, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Beste tokietako dantzak entzun eta sentitu ostean, igandean, uztailaren 2an, gure dantzen txanda izango da, AIKO Taldeko sortzaile eta teorian zein praktikan adituak direnekin batera. Sabin Bikandik saio praktiko bat eskainiko du, jotaren inguruan. AIKO Taldeko sortzaile eta musikaria, konpositorea eta dantza maisua, Bikandi musika irakaslea da eta Londresko Unibertsitatean Etnomusikologiako doktoretza egin zuen. Gainera, 2015. Urtean Konposizio hoberenaren Max saria irabazi zuen. Ondoren, Patxi Labordaren txanda izango da, aurtengo udako ikastaroari amaiera emanda, arin-arinaren inguruko master class bat eskainiko du.

Dantza maisua, koreografoa eta dantza ikuskizunen gidoilaria, Labordak dantza tradizionalaren inguruko klaseak ematen dizkie helduei eta AIKO Taldearen erromerietan dantzak zuzentzen dituen dantza maisua da, honen CD eta DVD-en prestakuntzan eta grabaketetan parte hartuz.

AIKO Taldearen ekimen pedagogiko honekin, taldeak bere heziketa- eta gizarteratze-planak indartzen ditu. EHUko Udako Ikastaroa Bizkaiko Campusean matrikula gehien jaso dituen ikastaroa izan da bere aurreko bi edizioetan.

AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus