04-12-2013
BIZKAIe: AIKO Taldeak jantzan eginarazoko gaitu 'Soken dantza' disko barriagaz be


Nagore Ferreira Zamalloa

Jantzan egiteko hamabi doinuk osotzen dabe Aikoren lan barria, Soken dantza (Elkar). Alvaro Garcia gitarristeak sortu eta interpretau ditu kantak, taldearen ohiko errepertoriora egokituta, jotea, balsa, polkea, tangoa, jauzia eta abar. Abenduaren 14an egingo dabe jentaurreko aurkezpena, Durangoko Plateruena kafe antzokian. Jantzan hasi eta amaitu dabe prentsaurrekoa.

Gitarrearen presentzia erromeriatan aldarrikatu gura dau Aikok, izan be XIX. mendera arte gitarreak leku berezia eukan, baina ostean, XX. mendeko 30. hamarkadatik aurrera desagertzen joan zan. Gitarrea, beraz, ez da gauza barria jantza tradizionalean. Horregaitik, jantzarako espazioak sortu baino berreskuratu egiten dituela uste dau Sabin Bikandik. Eskura euki dogunagaz, hurren egoanagaz, egin dogu beti jantzan, ahotsagaz, eskuekaz perkusinoa eginez... Edozen gauzagaz egin geinke jantzan, adierazo dau.

Alvaro Garciak diskoko kanta guztiak egin ditu bi izan ezik, Muxikoak eta Koldobike. Proiektuan parte hartzeko proposamena jaso ebanean, zalantzak izan zituala autortu dau prentsaurrekoan. Disko anitza atondu dau, gitarreak beste estilo batzuekaz daukan loturea aztertuz.

Martin akustikoa, Camacho markako espainiarragaz eta Fender Stratticaster elektrikoagaz eregi ditu piezak, Aikoren errepertorioaren estilo tradizionalean eta ohiko erritmoetan. Holan, jota eta porru elektrikoa topauko doguz Soken dantza lanean. Jota elektrikoa entzun gura izan ezkero, hemen bideoa.

Jenteari jantzan ipini gura dau Aikok, erromeriz erromeri. Durangoko Plateruenan egingo dabe lehenengo emonaldia, abenduaren 14an. Alkarregaz bazkaldu, jantzan egin eta ondo pasetako proposamena dala nabarmendu dau Patxi Labordak. Bazkari-eromeria-parranda ederra egingo dogu, ganeratu dau Bikandik.

Hilean behin egiten dau erromeria Aikok Plateruenan, domeketan, 18:00etan. Horrezaz gan, bestelako saioak egiten ditue, esaterako, herriz herri dabilzan Dantzaldi ibiltaria dalakoak. Aikoren erromerien egutegia ikusi gura izan ezkero, hemen.


AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus