13-06-2014
DANTZAN.COM: Dantzazale Eguna ospatuko dugu larunbatean Durangon

Ospakizuna sokadantza batez hasiko da Durangoko Andra Mari elizako arkupean 13:00etan, eta ondoren, kalejira egingo da Dantzaldi Ibiltariak egoitzatzat erabili duen Plateruena Kafe Antzokiraino programa ixteko. Ongi etorriko txakolinaren eta bazkari herrikoiaren ostean, 17:00etatik aurrera, erromeria batez eta ohiko guateke batez gozatzeko aukera izango da jaia amaitu arte, 22:00ak arte.  Ospakizuna dantzazale guztientzat zabalik egongo da

Larunbat honetan, ekainak 14, DANTZAZALE EGUNA deritzon “dantza-maratoia” egingo da Durangoko kaleetan barna, Plateruena Kafe Antzokiraino, eta areto honetara iritsi ondoren, ospakizuna gaueko 10ak arte luzatuko da. Hauxe da, duela sei urtez geroztik dantza egiteko berezko era tradizionala zabaltzeko irakaskuntza-metodo propioa garatu —ikasteko modu dibertigarri, argi eta erraza, egungo mundura egokitutakoa— eta ikastaro eta tailerretan urtero ehunka pertsona biltzen duen AIKO TALDEA deritzon musikari eta dantza-maisuen kolektiboak ikasturtea amaitzeko antolatzen duen ohiko ospakizuna.

Ospakizuna sokadantza batez hasiko da 13:00etan, Durangoko Andra Mari elizako arkupean. Jarraian, bertaratutakoek kalejira bat egingo dute, musikaren doinuen arabera dantzatzeko aukera eta guzti, DANTZAZALE EGUNAk egoitzatzat erabili ohi duen Plateruena Kafe Antzokiraino. 14:30etan, txakolina banatuko da bertaratutakoen artean, eta 15:00etan bazkari herrikoia egingo da. Bazkalostean, AIKO Taldeak 17:00etatik aurrera egingo den erromeria alaituko du, eta 20:00etan, Bizkaiko Gaiteroen txanda izango da. Eguna amaitzeko, AIKO Taldea arduratuko da berriro ere musika jartzeaz, guateke tradizional bat alaitzeko asmoz. Ospakizuna 22:00etarako amaitzea aurreikusi da.

Graduazioko ospakizun handien antzera, DANTZAZALE EGUNAk amaiera emango dio Aiko Taldeak duela sei urte abian jarri eta geroztik bi mila pertsona baino gehiago bildu dituen dantza tradizionala sustatu eta biziberritzeko Dantzaldi Ibiltaria deritzon programaren aurtengo edizioari. Ospakizuna garrantzi handiko topaketa bilakatu da euskal dantza herrikoien zaleentzat, bertan elkartzen baitira ikasitako trebetasunak erakusteko asmoz, herrietako erromeria tradizionalak gogorarazten dituen jardunaldu ezinago dibertigarri honen bitartez. AIKO Taldeak BBK Fundazioaren lankidetzaz eratutako Dantzaldi Ibiltaria delako ekimen bitxi eta berezi honen aurtengo edizioa Euskal Herrian zehar antolatutako tailer ibiltariekin hasi zen, eta han-hemenka lortutako harrera ezin hobeari esker, ikastaro egonkorretan —Bilbon, Donostian, Iruñean, Azkainen, Zarautzen, Galdakaon, Sopelan, Gernikan, Markinan eta Durangon— eta mintegi, tailer eta erromerietan kontsolidatzea lortu du.

Erromeria Urbiako landetan
Bestalde, ikasturte amaierako ospakizun honekin batera, AIKO Taldeak urteko beste ekitaldi baterako deialdia ere iragarri du: Urbiako landetan antolatu ohi duen Mendierromeria, oraingo honetan Gipuzkoako Club Vasco de Camping Elkartearen (CVCE) laguntzaz aurrera atera ahal izan dena. Aitzgorriko Parkeko natur ingurunean egingo den erromeriaz gain (15:30etatik 17:00etara), programak dantzari hasi berriei zuzendutako hastapen-ikastaro bat ere eskainiko du (12:00etatik 14:00etara). Deialdia hurrengo iganderako da, ekainak 22, eta hilaren 29ra atzeratuko litzateke eguraldi txarra egingo balu. CVCEk autobus zerbitzua antolatu du, 09:00etan Donostiako Artzain Ona Plazatik irten eta 19:00etan itzuliz.

EGITARAUA-DANTZAZALE EGUNA-AIKO TALDEA
EKAINAK 14-Plateruena Kafe Antzokia Durango
13:00 Sokadantza Andra Mari eleizpean (Durangoko eleiza nagusia, arkupe handia duena) eta jarraian kalejira-poteo-dantzaldia.
14:30 Txakoli gonbitea Plateruenan
15:00 Bazkaria 
17:00 Dantzaldi-erromeria Aiko taldearekin 
20:00 Bizkaiko Gaiteroak eta ondoren guateke tradizionala.
22:00 Akaberea 

AIKO Taldeari buruz
AIKO Taldea musikari, koreografo eta dantza maisuz osatutako elkarte kulturala da, guztiak bokazio berdintsuarekin: ‘modu natural, erlaxatu eta dibertigarrian jo eta dantzan egitea´  eta pasio hori ahalik eta pertsona gehienei helaraztea da bere helburua. AIKO Edizioak-en bitartez eta euskal musika eta dantza tradizionala ezagutarazteko helburuarekin, ikus-entzunezko material ezberdinak eta musika tresna tradizionalen inguruko lan monografikoak ekoizten dituzte: besteak beste, Aurrez Aurre - Claude Iruretagoyenaren Maritzuli  ikuskizunerako musika-; Fasioren Mendea - Bonifacio Arandiaren mendeurrenaren omenez ekoiztutako liburua, CDa, DVDa -; Kobreik! –dultzainaz Bizkaiko estilo tradizionalean oinarritutako grabaketa-; edo Miguel Angel Sagasetak bildutako  “dantza jauzi”  tradizional guztiak jasotzen dituen Urraska -liburua, CDa, DVDa. ‘Soken Dantza’ lan berriak Aiko Edizioak-en bilduma sendotu egiten du.

AIKO Taldeak, gure plazak haien erromeria “bereziekin” girotzeaz gain, Euskal ondare tradizionala transmititzeaz eta hedatzeaz ere arduratzen da, zaletuei edo eta profesionalei zuzendutako ikastaro, mintegi nahiz master class saioak antolatuz. AIKOk bere metodologia propioa landu du eta urritik ekainera bitartean herri ezberdinetan antolatzen dituen Dantzaldi Ibiltaria ekimenarekin, Euskal Herri osoko txokoetara heltzen da.

AIKO Taldea gaur egun Sabin Bikandi (txistularia eta konposatzailea), Asier García (perkusio jolea), Ainara Artetxe (biolin jolea), Elur Arrieta (perkusio jolea), Álvaro García (gitarra jole eta konposatzailea), Aitor Furundarena(soinu jole eta konposatzailea) , Juan Ortiz (teklatua) musikariz eta Larraitz Artetxe, Patxi Laborda, Jon Maya, eta Vanesa Castaño dantza maisuzosatzen da, beste hainbat kolaboratzaileen artean.

AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus