16-05-2022
Aiko news: DANTZAROA. Abel Iriondori omenaldia. DANTZARO. Durango 2022-06-11

Aspaldi ez dugu elkartu eta dantzan eta kantuan aritzeko aukerarik izan, eta behar genuen. Behar eta merezi dugu dantzara bueltatzea, eta horrekin batera, bere egunean agingu genuenez, Abel Iriondo gure lagun kutunari patxadaz agur esatea, gure omenaldi zintzoena adierazi, eta batez ere, berarekin kantatu eta dantzatu. Datorren ekainaren 11an, larunbatez, Durangon elkartuko gara dantza egun eder bat ospatzeko Abel gogoan dugula. Plateruena itxita dugunez, bazkaria Andra Mari eleizpean egingo dugu, eta bertan ere bazkalondoko egitaraua. Aurretik, badakizue, betiko sokadantza eta Dantzapoteoa gaiteru, trikitilari eta txistulariekin. Animau!

Ekainak 11 / Durango / Abel Iriondori omenaldia

13:00 Soka dantza eta Dantzapoteoa Ezkurdi Plazan hasita txistulari, trikitixa eta gaiteruekin.

15:00 Bazkari herrikoia Andra Mari eleizpean

16:00 Bazkalondoa: Abel gogoan

17:00 Erromeri mundiala:

-Miren, Roberto Etxebarria eta Idoia Markaidarekin.

-Bizkaiko Gaiteroak

-AIKO Taldea

21:00 Akaberea: Manolo Escobarren "Mi carro"

*ordutegi guztiak "pokomasomenosekoak" dira.

Bazkarian parte hartzeko, EKAINAREN 7a baino lehenago, metalikoz ordaindu nahi duenarentzat, ticketak 30€tan salgai Saltsan-en, Kurutziaga 40, 48200 Durango

Edo bestela, EKAINAREN 7a baino lehenago, transferentzia bidez, 30€ sartu izen abizenak emanez (inportantea) Kutxabanken, Aiko Kultur Elkartea titularra den honako kontuan:

ES85 2095 0233 10 9109943783

GOGORATU!! PLAZA MUGATUAK ETA AZKEN EGUNA IZENA EMATEKO EKAINAREN 7a ASTEARTEA!!

Abel Iriondo Elorza

Bizikletan zebilela bihotzekoak emanda hil da Abel Iriondo (1966), azken bi hamarkadetan Durangon bizi zen dantzari elgoibartarra. Haritz, Argia, Kezka eta Kriskitin dantzari taldeetan eta Aiko taldean aritutakoa besteak beste, dantzari eta dantza-maisu ibilbide distiratsua egin du Iriondok.

Elgoibarko Izarran, Sebas Larrañaga irakasle izan zuela hasi zen dantzan Abel Iriondo eta 1981ean, 15 urterekin hasi zen helduekin, Haritz euskal dantzari taldean. Haritzen bat egin zuen taldean hasi berri zen Jon Lizarralderekin eta eskuz esku, eta soka-dantzan aurrez aurre dantzatu zuten hainbat urtez, Elgoibarko San Bartolome eguneko soka-dantzan, besteak beste, aurresku eta atzesku lanetan bi hamarkadaz aritu baitziren.

Soldaduzka Donostian egiten ari zela Argiaren entseguetan parte hartzen hasi zen eta Zortziko eta Alakiketan ikuskizunetan dantzatu zuen, bai Haritz taldearekin, bai bakarlari lanetan ere. Urteotan Haritz, Argia eta Kezka taldeen hamaika emanalditan dantzatu zuen, Argiaren Kondharian eta Pas de Basque emanaldietan ere bai. Ondoko bideoan, Argiak ETBn eskaintzeko prestatutako dantza sorta batean, Mikel Legorburu eta Aber Iriondo ageri dira doinu zahar bat dantzatzen. 

Elgoibarko San Bartolome eguneko aurreskuan hamar urtetik gora atzesku aritu zen, aurresku txapelketetan aritu zen. Arrateko dantzetan ohorezko gonbidatua 2006. urtean, ia-urtero izan da Arrateko dantzarien emanaldian parte hartzen eta berdin Elgoibarko Errosarioko ezpata-dantzan, urte askotan kapitain lanak betez bertan. 

Bizitokia Durangora aldatuta Kriskitin taldearekin aritu da dantzan eta baita Aiko taldearekin, Durangon eskaintzen zituen eskoletan irakasle ere. Durangaldeko ezpata-dantzari egunean emakumeekin batera osatutako lehen dantzari taldeko parte izan zen Kriskitin dantza taldearekin 2016an, eta San Fausto egunez, Durangoko dantzari-dantza, platillu soinua eta erregeletan lehen aldiz emakumeek parte hartu zuteneko taldean ere aritu zen Abel Iriondo.

AIKO TALDEA en Instagram AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus