17-05-2024
aiko news: Dantza eguna Urkiolan. Ekainak 16, igandea. German Aldekoa gogoan

Euskal Herrian hainbat toki historiko ditugu erromeri edo dantzaldietarako, eta dudik gabe, Urkiolako Sanantonio jaia agian famatuena, eta aurton ere, berton dantzan elkartu eta eguna dantzaz gozatuz pasatzeko asmoa dugu inguruetako dantzari eta dantzazaleok. 

13:00tan edo (pokomasomenos betiko modura) elkartuko gara: dantzari dantza, soka dantza, trikitia, arrimatekoak... Hainbat talde eta lagun etortzeko dira, baina momentuz, hau idazten dugun ordu honetan, Berrizko San Lorentzo Danta Taldekoak etorriko direla agindu dute. Bazkaltzeko tarte bat hartu eta bazkalondoan erromeria, edo erromeriak hobeto esanda, hainbat lagun izango ditugu jotzen eta: Bizkaiko Gaiteroak, Miren eta Roberto eta AIKO Taldea momentuz. 

Animatu zaitez, bokadilloa edo tartera prestatu eta zatoz lagun artean Sanantonioren errepetiziñoa dantzan gozatzera. Ez zara damutuko!

ERROMERIA URKIOLAN, OHOLTZAN ETB1

German Aldekoa Berrizko danbolinteroa hil da, eta Datza Egunean bera gogoratuko dugu

Musika eta dantza parte-hartzaileak izan dira duela gutxirarte, “interaktiboak” orain esaten dugunalez, eta doinua eta berarekin bat eginda mugitzen diren gizakien arteko zubi hori danbolinteruak betetzen zuen. Dantzan eta dantzaz zekien danbolinteroak, dantza maisua ere sarritan, eta German Aldekoa horrelakoa izan da: danbolinteroa. Berrizeko Atxanietan jaioa duela 71 urte, ofizioa etxean ikasitakoa aita Alejandro Aldekoarengandik eta aldamenean ikaskide Jon anaia zuela. Dantzan lehenengo eta txistu eta danbolina gero. Eskola zaharrean, aintzinako metodologia erabiliz, Patxikutarrak, Maurizio eta Etxahunek ikasi zuten modura. Eta eskola zaharra gaur erabat berritzailea litzateke ikasbide moduan. Ez ote gara konturatuko, musika eta dantza barneratu behar dugula lehenengo eta ondoren irakurtzen eta idazten ikasi hizkuntzarekin egiten dugun bezala? Dantzan lehenik eta dantzarako jotzen gero.

German joan zaigu, Jon anaia hor dugu, eta Berrizen, etorkizunera begira, danbolinteru ofizioa ikasi eta betetzeko zuloa gelditzen zaigu. Ez ote da txistulariren bat danbolinteru ofizioa ikasten animatuko?

Eta lagunarteko agur apal bat egiteko, datorren ekainaren 16an, Sanantonio errepetizio egunean, Urkiolan elkartuko gara San Lorentzoko dantzari eta lagunak, AIKO Taldea, Roberto Etxebarria trikitilaria, Bizkaiko Gaiteroak, Durangaldeko dantzari eta txistulariak eta inguruetako dantzazaleak. 

-13:30 inguru (aizkolariak eta daude aurretik) Berrizko San Lorentzo Dantza Taldea

-14:00 inguru “bermut” dantzaldie inguruko ostatuan

BAZKARIA (bokadilloa, tartera, txitxiburduntzie… bakoitzak bere aidera)

-16:30 ERROMERIAK: Roberto Etxebarria, Bizkaiko Gaiteroak, AIKO Taldea

*Euria balitz, Abadiñoko Udalak karpa handi bat prestatu digu berton ekiteko.

*Ordutegiak, beti bezala, pokomasomenosekoak dira.

AIKO TALDEA en Instagram AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus