German Aldekoa Berrizko danbolinteroa hil da
Musika eta dantza parte-hartzaileak izan dira duela gutxirarte, “interaktiboak” orain esaten dugunalez, eta doinua eta berarekin bat eginda mugitzen diren gizakien arteko zubi hori danbolinteruak betetzen zuen. Dantzan eta dantzaz zekien danbolinteroak, dantza maisua ere sarritan, eta German Aldekoa horrelakoa izan da: danbolinteroa. Berrizeko Atxanietan jaioa duela 71 urte, ofizioa etxean ikasitakoa aita Alejandro Aldekoarengandik eta aldamenean ikaskide Jon anaia zuela. Dantzan lehenengo eta txistu eta danbolina gero. Eskola zaharrean, aintzinako metodologia erabiliz, Patxikutarrak, Maurizio eta Etxahunek ikasi zuten modura. Eta eskola zaharra gaur erabat berritzailea litzateke ikasbide moduan. Ez ote gara konturatuko, musika eta dantza barneratu behar dugula lehenengo eta ondoren irakurtzen eta idazten ikasi hizkuntzarekin egiten dugun bezala? Dantzan lehenik eta dantzarako jotzen gero.
German joan zaigu, Jon anaia hor dugu, eta Berrizen, etorkizunera begira, danbolinteru ofizioa ikasi eta betetzeko zuloa gelditzen zaigu. Ez ote da txistulariren bat danbolinteru ofizioa ikasten animatuko?
Eta lagunarteko agur apal bat egiteko, datorren ekainaren 16an, Sanantonio errepetizio egunean, Urkiolan elkartuko gara San Lorentzoko dantzari eta lagunak, AIKO Taldea, Roberto Etxebarria trikitilaria, Bizkaiko Gaiteroak, Durangaldeko dantzari eta txistulariak eta inguruetako dantzazaleak.
-13:30 inguru (aizkolariak eta daude aurretik) Berrizko San Lorentzo Dantza Taldea
-14:00 inguru “bermut” dantzaldie inguruko ostatuan
BAZKARIA (bokadilloa, tartera, txitxiburduntzie… bakoitzak bere aidera)
-16:30 ERROMERIAK: Roberto Etxebarria, Bizkaiko Gaiteroak, AIKO Taldea
*Euria balitz, Abadiñoko Udalak karpa handi bat prestatu digu berton ekiteko.
*Ordutegiak, beti bezala, pokomasomenosekoak dira.
Eskerrikasko German emandako guzti horregatik, musikari, dantzari, danbolintero eta batez ere lagun zintzo moduan.
PS Hemen Germanen maisutasunaren adibide bat, Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak 1989. urtean aspaldiko dantzariak elkartu zituen eta beraiekin bat eginez erregelak egiten, danbolinteroa, German Aldekoa. Ofizioa, artea eta batzutan majia ere.
© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus