Hasteko, helduei zuzendutako ikastaroa jarriko da abian eta izen ematea urriaren 17an zabalduko da. Proiektuak osotasunean landuko du dantza, erritu eta ohiturekin lotuz.
Galdakaoztarrak lumak astintzen jarriko ditu aurki Udalak euskal dantzen eta erromerietan dantzatzen diren doinu askoren erritmoan. Hau da Udalak Andra Mari dantza taldearekin eta Aiko taldearekin martxan jarritako Lumak Dantzan proiektu berriaren helburuetako bat.
Ekimena epe luzera begira abiatu den arren, momentuz bi fase bereizi dira: lehenengoa, non helduentzako ikastaroak egingo diren hurrengo azarotik hasita, eta bigarrena, non hurrengo ikasturtetik aurrera dantzak eta haiei lotutako erritu, ohitura eta jaiak herriko ikastetxeetan ikasiko diren eskola orduan. Gazteei eta familiei egokitutako eskaintza ere prestatuko da.
Ekimen honen aurkezpenean Edurne Espilla, Kultura zinegotzia, Miren Atutxa, Udaleko Euskara eta Hezkuntza arloetako burua, Jon Eguskiza, Andra Mariko kidea eta Larraitz Artetxe, Aiko taldeko partaidea izan dira. Bertan, laurek bat egin dute egitasmo honek “euskal kultura hurrengo belaunaldiei transmititzeko” duen garrantzian.
Honen ildoan, zinegotziak “dantza Euskal Herriko kultura ondarearen esparru garrantzitsua” dela azpimarratu du, “belaunaldiz belaunaldi eta herriz herri transmititu dena”. Zentzu honetan, “transmisio hori bermatzea erronka handia” dela adierazi du eta proiektuaren helburu nagusitzat nabarmendu du.
Bere partez, Miren Atutxak “euskal dantza ikastetxeetan modu natural batean eta egunerokotasunean lantzeko asmoa” aipatu du, eta proiektua “azken urteetan herriko eskolek egindako eskaeren ondorio bezala” eratu dela jakinarazi du. “Euskal dantzetatik haratago doa proiektua; ikasleen mugimendua, koordinazioa, erritmoa, psikomotrizitatea eta beste hainbat arlo landuko ditu ekimen honek”, azpimarratu du, eta txikiek “gure eguneroko bizitzan presentzia handia duten erritu, ohitura eta jaien ezaugarriak ere” ikasiko dituztela nabarmendu du. LH1 eta LH2ko 300 ume inguruk egingo dute dantzan 2025-26 ikasturtean.
Andra Mari Dantza Taldeko Jon Eguskizaren hitzetan, “euskal kulturaren panorama ez dago bere onenean eta mantendu eta transmititzeko lana guztiona da”. Horregaitik, elkarteak eta Udalak “aurretik lan handia” daukatela aipatu du eta positiboa dela Udalak ardura hartzea.
Larraitz Artetxe galdakaoztarrak azaroan hasiko diren ikastaroen helburua zehaztu du: “modu errez eta dibertigarrian plazetan egiten diren dantzak egitea, gure artean ondo pasatuz. Ez da terapia, baina badauka efektu terapeutiko bat denok dantzan elkartzen garenean”.
Ikastaroetan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea, urriaren 17 eta 28 bitartean, Udalaren webguneko egoitza elektronikoan (eskaera orokorra betez) edo Esan herritarren arretarako bulegora hurbilduz.
Ikastaroei buruzko informazioa:
NON: Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa gelan
NOIZ: azarotik ekainera, asteazkenetan
ORDUTEGIA: 18:00-19:30 hasierako maila eta 19:30-21:00 jarraipen maila
PREZIOA: 80 euro. (21.000 euro baino gutxiagoko sarrerak dituzten unitate familiarretako kideek %30eko hobaria izango dute).
© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus