13-03-2015
Salamancako sustrai sendoak

Sarritan goraipatzen ditugu Maurizio Elizalde eta Alejandro Aldekoa bezalako dantza maisu danbolinteroak, eta beraietaz hitzegiten dugunean, ematen du desagertuta dauden dinosaurioetaz edo ari garela. Maisu hitza ere, berezko testuingurutik kanpo erabiltzeko joera dago inguru batzuetan gaur egun. Irakatsi eta eskolak ematen duenari maisu deitu zaio gure hizkuntzan, eta berria da, XIX. mendeko artista erromantikoen pentsakeran oinarrituta italiako “maestro” berbarekin parekatzeko joera (maisu= “maestro”). Zentzu  horretan “maestro” artista haundi jainkotuak edo mitifikatuak izango lirateke ez dakigu noren irispideetan oinarriturik baina. Kontua da, guretzat, dantza maisu handiak ditugula gaur egun ere, ez dakigu artista edo artisau (eta egia esan berdin zaigu…), eta hauen artean, Salamancako Cabacos herrian jaiotako Agustin Garcia Hernández.

Agustin aspaldian ezagutzen dut (urteak betetzearekin esan daiteken esaldia…) eta lehenengoz jotzen eta dantzan entzun-ikusi nuenetik nire faboritoen zerrendan sartu nuen. Pieza bateko danbolinteroa da, eta izen propio hori merezi duena, hau da, danbolina jotzen du batez ere, naiz eta, hori bai, “gaita” jotzen ere artista izan (hiru zuloko esku batekin jotzen den flautak “gaita” izena hartzen du Salamanca aldean). Lehenengoz jotzen eta dantzan era berean ikusi nuenean nire eredu bilakatu zen, nere idoloa, eta oraindik ere, aikotar batzuk sikieran, hemen gabiltza bere arrastuaren atzetik. Dakizuenez, guretzat ere, musika eta dantza banaezinak dira. 

Eta horrela, Jotalariak ekimenaren barne, Agustin gurera ekartzeko parada izan dugu, luxuzko lagunekin gainera: Contrarronda taldeko Mariángeles, Marian, Juan Pablo eta Ivan. Beraiek ere dantzari, dantza maisu eta musikari apartak. Eta horrela martxoaren zazpian, arratsalde partean (Athletik Real Madrid gainditzen ari zela San Mamesen) Salamancako dantzen lehioa ireki ziguten, hasmentako dastaketatxo bat egiteko bederen. Eta han, denboran eta historian atzera egin izango bagenu bezala, begi aurrean agertu zitzaizkigun gure dantza soltuaren sustrai sendoak. Agustinen hitzak dantzakerari buruz, gorpuzkerari buruz, Bartolo Lasa edo Kepa Artetxeren itzulpena ziren gaztelera garbira: burua geldi, lur gainean, salturik ez… Eta dantzan hasi zirenean, neri behintzat, aintzinako irudi eta oroimenak etorri zitzaizkidan burura… Ederra. 

Besteetan bezala, ikastaroa laburra iruditu zitzaigun, eta Salamancakoekin, gustora izan ginen, dantzan eta lagun modura. Uste dut, nahi badugu, gure eskuetan dagoela etorkizunean ere elkarlanean aritzeko aukera paregabea. Eta agian, pixkanaka, benetako “Jotalarien sarea" eraiki dezakegu. Salamankako sustrai sendoak hor ditugu lagungarri.

 

 

AIKO TALDEA en Instagram AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus