09-07-2015
Berria: Egun handiko antzoki

Prozesioan aurten berritasun handia Iruñeko alkate berria izan da, Joseba Asiron. Aurten 125 urte bete dituzten buruhandiei omenaldia egin die konpartsak.

2015-07-08 / Joxerra Senar

Batzuentzat, gaurdaino iritsi den sanferminetako erlijio izaerako ekitaldi nagusia da. Besteentzat, lau orduan egungo Iruñearen soziologia eta haren errealitate politikoaren isla da, unean uneko agintari politiko eta erlijiosoei txistu edo txalo egiteko modu bat. Egun, eztabaidagai dago ordezkari publikoek gutxienez jatorri erlijiosoa duten ekitaldietan parte hartu behar ote duten, eta, kasurako, atzo Ezkerrako edo Aranzadiko hautetsiek ez zuten parte hartu, ezta EH Bilduko Sortuko hiru zinegotziek ere. Gainera, Joseba Asiron alkatea, bere zinegotziak, Geroa Baiko hiru hautetsi eta PSNko hautetsiak ere ez ziren mezetan izan. Hutsuneak hutsune eta keinuak keinu, Alde Zaharra erlijio eta politika adierazpenen antzoki bihurtu zen prozesioak iraun bitarte.

Egunak hiru protagonista berezi izan zituen. Edo beharbada lau. Urtero legez, txalo gehien San Ferminen irudiak jaso zuen. Zenbaitetan, debozioak gehiegizkoa dirudi urte osoa San Lorentzo kaperan isiltasun eta bakardadean ematen duen irudiarentzat.

Beste protagonista alkate berria izan zen. Txistu eta «kanpora, kanpora» batzuk entzun bazituen ere, batik bat animo oihuak, txaloak eta «Asiron, Asiron» doinua entzun zituen. Zeharka, protagonismoa ere izan zuen alkate ohiak, Enrique Maiak. Arreta bereganatzera ohituta, bere aurpegian nabari zitzaion ez zeramala hain ondo EH Bilduko batek aginte makila kendu izana. Eguneko azken protagonistak buruhandiak izan ziren. 125 urte bete dituzte, eta prozesioa amaitutakoan, Udaletxe plazan konpartsako kideek omenaldia egin zieten.

Prozesioak bere uneak eta geldiuneak ditu. Lehena Udaletxe plazan da. Konpartsako kideek udalbatza hartu zuten. 10:00etan ekin zioten ibilbideari, eta zuzenean Curia kalean gora igo ostean, katedraleko kabildoa hartu zuten. Guztiak elkarrekin, Iruñeko Alde Zaharra zeharkatu zuten. Ordurako Iruñeko kaleak betetzen hasi ziren. Emakume batek «guapo» oihukatu zion Enrique Maiari, eta horrek eskuarekin lasaitasun keinua egin zion. Udaltzainek zinegotziak eta kabildoa babesteaz arduratu ziren, baina aurreko urteekin alderatuta, lasaiago sumatzen ziren.

Kale Nagusian aurrera, balkoietatik animo oihu ugari egin zizkioten Joseba Asironi. Jasotako keinu batzuei, txanoarekin egin zien agur. San Lorentzo elizan, barruraino sartu zen prozesioa, eta handik santuaren irudiarekin atera ziren. Ordurako, San Lorentzo elizaren ingurunean eta prozesioaren ingurunetan milaka pertsona zeuden zain.

Mendeetako tradizioari jarraituta, lehenik konpartsako kideak zihoazen. Ondoren, kofradiak. Geroago, Duguna dantza taldekoak zihoazen udal dantzariek eraman ohi duten galazko jantziekin soinean. Atzerago udal txistulariak, kabildoaren aurretik. Santuaren irudiaren atzetik, katedraleko buruak eta Francisco Perez artzapezpikua, udalbatzako zinegotziei bidea irekiz. Amaieran, Udaltzaingoa galako jantzi urdinekin eta La Pamplonesa udal musika banda.

San Anton kaletik Zapateriarantz abiatu ziren, Gendulaingo hotelaren parean, Neptuno txiki baten alboko iturrian, irudiari lehen jota nola abesten dioten entzutera. Sona hartu du une horrek. Gendulaingo kondearen oinordekoek altxatutako hotelaren balkoian, Yolanda Barcina eta Lourdes Goikoetxea jarduneko Nafarroako lehendakari eta lehendakariordeak zeuden, eta arreta bereziz entzun zuten kanta, itxurazko debozioz. Txantreako Santiago abesbatzak kantatu zuen. Jendeak isiltasunez eta errespetuz entzun zuen.

Ibilbidean, jendetza zen kale bazterretan, eta batik bat haur ugari ziren bere gurasoekin. Denbora asko zain emanagatik, ilusioa nabari zitzaien askori aurpegietan. Ibilbide luzearen ostean, San Zerninen elizaren parean geratu zen prozesioa, ustez lehen kristauei bataioa eman zitzaien putzuaren parean. Han Agur Jaunak kantatu zitzaion.

San Lorentzorako bidean, «kanpora, kanpora» oihukatu zioten Asironi zenbaitek, baina ibilbide osoan errespetua nagusitu zen batzuekin zein besteekin. Asiron ez zen elizkizunetan izan, eta han artzapezpikuak errespetua aldarrikatu zuen sermoian.

Curia, azken ekitaldia

Meza amaitu berritan, hasierako pausoak atzerantz errepikatu zituzten, eta lehenik berriro Alde Zahar guztia zeharkatuta, katedralerantz jo zuten. Ordurako, Mercaderes eta Curia kaleak gainezka ziren, eta gogor jotzen zuen eguzkiak. Euskal giroa nagusi, urteroko euskaldunak gara abestu zuten ehunka eta ehunka herritarrek. Udalbatza gorantz eta agur UPN agur ere kantatu zuten. UPNko aurpegi ezagun batzuk ere baziren bertan, eta gogor txalotu zituzten eurenak, eta txistu egin zioten alkate berriari. Askatasun adierazpen berri bat.

Antzezlanaren azken ekitaldia amaituta, Udaletxe plazan epilogoa buruhandien omenaldiak jarri zuen.

 

*Argazkia: Prozesioaren amaieran, konpartsako dantzari batek aurreskua dantzatu zien buruhandiei. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

 

AIKO TALDEA en Instagram AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus