15-10-2016
DIARIO VASCO: Musika eta dantza tradizionala Dantzertin

Urritik ekainera bitarteko ikastaro bat eskainiko da egoitza Bilbon duen Dantzerti Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolak

Egoitza Bilboko Sarrikon duen Dantzerti Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolak tarte bat egin die euskal musika eta dantza tradizionalei Aiko taldearekin lankidetzan. Eskaintza bi ikastarotan gauzatuko da: 'Musika (dantzarientzat)' eta 'Dantza (musikarientzat)'. Ikastaroak urritik datorren urteko ekainera bitarteko ostiral guztietan emango dira, Dantzerti eskolaren egoitzan.

Ekimen pedagogiko honen helburua da «musika eta dantza txanpon beraren bi aldeak ziren antzinako espiritu hura berreskuratzea, musikari gehienek dantzan zekitelako eta dantza maisuek musika zekitelako». «Gaur egun, espezializazioaren izenean, beharbada, musikariek dantzari buruz gutxi dakite, eta dantza maisuei gauza bera gertatzen zaie musikarekin», adierazi dute Dantzerti eskolako eta Aiko taldeko arduradunek.

Egoera horri aurre egiteko, eta musika eta dantza elkarri lotuta joatearen garrantziaz jabetuta, Dantzertik bi ikastaro berritzaile horiek antolatu ditu. Aste honetan bertan aurkeztuko dira Bizkaian eta Araban egingo diren saio praktikoetan, eta datorren astean Gipuzkoan.

 

Urritik ekainera bitartean, ostiralero, Dantzerti zentroko irakasleei eta ikasleei zabalik egoteaz gain, ikastaroa gai horretan interesatuta dauden profesional guztiei zabalik egongo da, hau da, dantza irakasle eta maisuei, koreografoei, dantzariei eta dantza profesional eta zaleei orokorrean, alde batetik, eta musika irakasleei, abesbatza eta musika orkestra edo banda zuzendariei, musika irakaskuntza eta pedagogia adituei eta musikariei orokorrean, bestetik.

Ikastaroak musikariei eta dantzariei zuzendutako saio praktikoetan aurkeztuko dira ostiral honetan, urriaren 14an, Bilbon (Dantzerti 15:00etatik 16:00etara) eta Gasteizen (Musika Etxea 19:00etatik 20.00etara), eta urriaren 21ean Errenterian (Musika Eskola 19:00etatik 20.00etara). Urriaren 28an hasiko da. Sabin Bikandi musikari eta dantza maisua eta Aiko taldeko kide sortzailea eta María José López musika irakaslea izango dira ikastaroak emango dituztenak.

Bestalde, Euskal Dantza hautazko irakasgaia emateko irakasle espezialista bat aukeratzeko deialdia egin berri du Eskolak. Urriaren 17ra arte dago zabalik eskabideak aurkezteko epea.

AIKO TALDEA en Instagram AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus