16-06-2017
BIZKAIe: Dantzazale Eguna ospatuko dau Aikok zapatuan, Bermeon

Ikasturte amaierako jaiak egun osoko egitaraua izango dau eta Bizkaiko Gaiteroek parte hartuko dabe.

Aiko taldeak Bermeora eroango dau aurten Dantzazale Eguneko ospakizuna. Dantzaldi Ibiltaria programearen urte amaierako jaia da hori. Zapatuan, bagilaren 17an, edozein jantzazalerentzat edegita egongo dan egitaraua atondu dabe, 13:00ean egingo dan sokajantzeagaz hasita. Bilbotik, Donostiatik eta Durangotik helduko da jente asko, Aikok autobusak antolatu ditualako hiru leku horreetatik. Bermeoko bizilagunakaz batera, beraz, erromeriaz eta jai herrikoiaz disfrutetako aukerea izango dabe.

Sokajantzearen ostean, Aiko taldeko maisuek eta musikariek gidatuta, kalejirea eta jantza-poteoa egingo ditue. Bermeoko Kafe Antzokian txakolina probetako saioa egongo da. Bazkalostean, jantzaldi-erromeria egingo dabe. Jotak, jauziak, mazurkak, valsak eta abar egongo dira. Ondoren, Bizkaiko Gaiteroek emonaldi eskainiko dabe. Beti-betiko doinuak zabaltzeaz eta giro alaia sortzeaz arduratzen dira Bizkaiko Gaiteroak. Ekitaldiak gaueko 22:00ak bueltan amaituko dira.

Dantzaldi Ibiltariaren aurtengo denporaldia be arrakastatsua izan da. 4.000 lagunek baino gehiagok parte hartu dabe. Horregaitik, ikasle guztiakaz eta animetan diran herritarrakaz Dantzazale Eguna ospatuko dau Aiko taldeak. Aurreko urteetatik datorren ohiturea da hori. Urkiolan, Durangon eta Urbian ospatu ditue Dantzazale Egunaren aurreko edizinoak.

Musika eta jantza tradizionalaren ondarea zabaltzen ibilten da Aiko, erromerien giro herrikoia berreskuratzeko eta jantzarako espazio barriak sortzeko asmoz. Euskal Herri guztian hainbat tailer, ikastaro eta jantzaldi antolatzen ditu, modu natural eta dibertigarrian jantzea gizarteratzeko.

Horrezaz gan, Aiko taldeak hamar disko argitaratu ditu, danak jantzarako musikearen ingurukoak. Proiektu kultural ugaritan be parte hartu dau: Fasioren mendea azterlanean, Urraska-dantza jauziak Sagasetaren bidetik bilduma multimedian eta Jotamentala dokumentalean, besteak beste.

 

AIKO TALDEA en Instagram AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus