10-12-2017
ELCORREO.COM: Muga gainetik dantzan, Durangon erromeria handia ospatzeko

Bixente Martínezek (Oskorri), Jarauta 69 txarangak, Kiki Bordatxo eta bere taldeak, eta Bizkaiko Gaiteroek hartuko dute parte jaialdi handi horretan, AIKOko musikariekin eta dantza maisuekin batera

Durangok festaz betetako oso jardunaldi berezia biziko du datorren larunbatean, abenduaren 16an, AIKO Taldeak antolatu duen kontzertu-erromeria handiarekin. Izen handiek bat egingo dute aurten Aiko taldeko musikariekin eta dantza irakasleekin, musika eta dantza jaialdia eskaintzeko, goizez, Durangoko alde zaharreko kaleak animatuz, eta arratsaldez, Plateruena Kafe Antzokian.

Muga gainetik dantzan goiburupean, hauek hartuko dute parte: Bixente Martínez musikari eta konposatzaileak, Oskorriko eta euskal musikako beste egitasmo garrantzitsu batzuetako kideak; Kiki Bordatxo eta bere taldeak Iparraldetik; Iruñeko Jarauta 69 txaranga beteranoak; eta Bizkaiko Gaiteroek, AIKOko kideekin batera: Sabin Bikandi (txistua eta danbolina), Álvaro García (gitarra), Txus Aranburu (akordeoia) eta Amaiur Cajaraville (kontrabaxua) musikariek; eta Patxi Laborda, Ainhoa Odiaga eta Irune Arrizubieta dantza maisuek, plaza gidatuz.

Durangoko erromeria, AIKOk antolatzen duen jarduera egutegi zabaleko hitzordu nagusietakoa da, eta aurten, adiskidez eta gonbidatutako artistez eta taldez inguratuko da, eguerdiko 13:00etatik gaueko 22:00etara luzatuko den oso jardunaldi berezian. Eztabaidaezina da hitzordu tradizionala bilakatu dela jadanik dantzazaleen egutegian. Horietako askok Dantzaldi Ibiltarian hartzen dute parte, Bilbon (Campos Elíseos Antzokia), Donostian (Victoria Eugenia Antzokia), Durangon (Plateruena Kafe Antzokia), Markina-Xemeinen, Gernika-Lumon eta Galdakaon eskaintzen diren eta BBK Fundazioaren laguntza duten Aikoren dantza ikastaro egonkorretan. Urrian hasi ziren arren, ikasi nahi duten guztiek ateak zabalik dituzte oraindik .

AIKO TALDEA en Instagram AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus