09-12-2013
BERTON ALDIZKARIA: AIKO Taldeak 'Soken dantza' lana aurkeztu du

Jota tradizionalak ere izan dezake doinu gaurkotu eta rockeroagoa gitarra elektrikoarekin interpretatuz gero; gainera, garai batean gitarra akustikoa eta espainiarra ere protagonista izan ziren euskal musika herrikoian. Batzuentzat harrigarriak izan daitezken bi baieztapen hauek dira hain zuzen ere,  musika eta maisu dantzaz osatutako Aiko taldeak  aldarrikatzen dituenak azken diskoan,  duela sei urte musika eta dantza tradizionala berreskuratzeko eta gaurkotzeko egindako  apustuaren bidean jarraituz. ‘Soken dantza’ izenburua duen CDa aurkeztu dute gaur goizean Bilbon eta bihartik aurrera, Durangoko Azokako Elkar etxearen standeko disko berrien artean aurkitu ahal izango dugu. Horrez gain, datorren abenduaren 14an,  larunbatez, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian aurkeztuko dute zuzenean.


Azken disko honetan, Aiko taldeko gitarrista den Alvaro Garciak hartzen du protagonismo osoa  gitarra bakarlariari bezala. Berak konposatu eta interpretatu ditu dantzarako 12 doinu soilik gitarra erabiliz, beti ere Aiko taldearen errepertorioaren estilo tradizionalean eta ohiko erritmoetan. Horrela, ‘Soken dantza’ lanean jotak, porruak, balsak, polkak, tangoak, foxak, jauziak, habanerak nahiz mazurkak aurki genitzake. Doinu guzti hauek Martin akustikoarekin, Camacho markako espainolarekin eta Fender Stratocaster elektrikoarekin interpretatu ditu Alvarok. Doinu guztiak berak konposatu eta idatzitakoak dira, Mutxikoak (jauzietan ezagunenetakoa den dantza) eta Koldobike (foxtrot erritmoz interpretatu duen herri kantu ezaguna) salbu; azken horietan, moldaketa zehatz batzuk begin ditu dantzarako musikaren melodia mantenduz.

Jota rockero bat
Tradizioan hain errotuta dagoen jota bat Rock&Rollerako ohikoagoa den musika-tresna batekin jotzea ez da hain berria paradoxa dirudien “musika berria estilo tradizionalean” aldarrikatzen duen  talde batentzat. Horrela, diskoaren oinarria dantzarako musikaren ezaugarrizko egitura finko eta errepikakorretan dago, baina instrumentuari distira ematen dioten bakarkako inprobisazioak ere baditu, eta beste musika estilo batzuei dagozkien zenbait ustekabe eta keinu ere bai. Hala, ‘Soken dantza’ diskoaren bi konposizio, jota eta porru `elektrikoak´ dira, Alvaro Garciak hiru gitarra erabiliz jota daudenak.

Alvaro Garcia Musikako Goi Irakaslea, gitarra jolea eta konposatzailea da. Interprete bezala, hainbat ganbera taldetan, rock taldetan eta dantza orkestratan parte hartu du. Konposatzaile bezala, ganbera talde ezberdinentzako zenbait lan idatzi eta estreinatu ditu, baita zenbait hedabideetarako eta iragarkietarako ere. Gitarra, informatika eta konbo irakaslea da Bilboko Udal Musika Eskolan eta Aiko taldeko kidea, barau sortu zenetik.

Bestalde, Aiko taldeak ‘Soken dantza’ lan honekin, erromerietan nahiz euskal ospakizun tradizionaletan gitarrak izan duen protagonismoa aldarrikatu nahi du. Bandurriarekin eta biolinarekin batera, gitarrak ere bere ohorezko lekua izan baitzuen jai ospakizun, serenata, inauteri, dantza- korru, eta kale musikan orokorrean, XIX. mende amaieratik 30. hamarkadara arte bederen, hainbat testigantzek eta udalerrietako araudien dokumentuek erakusten duten moduan. Bere gainbeherak, eskusoinua bezalako soinu ozenagoko beste musika tresna batzuekin lehiatzeko duen zailtasunarekin zerikusia izan zuen; holako ospakizunetan erabiltzeari utzi zitzaion eta askok euskal tradiziokoa ez den instrumentutzat jo zuten. Bere berreskurapena, 70. hamarkadako kantautoreekin etorri zen.

AIKO TALDEA en Instagram AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus