19-10-2014
ANBOTO.ORG: Aikoren erromerian batuko dira dantzazaleak, Plateruenean

Durangoko Plateruenean erromeria izango dute, urriaren 17an, 18:00etatik aurrera, Aiko taldearen eskutik. Parte hartu nahi duen edozeini dago zabalik erromeria hori; bai dantzan trebatutakoei, bai lehenengoz dabiltzanei ere.

 

Joan zen astean abiatu zuten Platerueneko dantzazaleek ikasturte berriko Aikoren ikastaroa, baina asteroko hitzorduen osagarri antolatzen dute, hilabetean behin, domeka honetakoa bezalako erromeria bat. Ikasturtean ikasitakoa praktikara ekartzeko aukera izaten dute parte-hartzaileek nahiz dantzazaleek, zuzeneko musikaren erritmora.

Joan zen martitzenean egin zuten 2014-15 ikasturteko lehenengo saioa. Aurtengo ikasturtean, martitzenetan elkartuko dira, astero, dantza tradizionalak ikasi nahi dituztenak, eta horiez gozatu nahi dutenak.
Bi taldetan, bi mailatan Josu Garate dantzaria da Aikok Plateruenean izaten duen irakaslea. Bi mailatan aritzen dira parte-hartzaileak martitzenetako saio horietan: hasiberriak 18:30etik aurrera, eta esperientzia dutenak, ondoren, 20:00etatik 21:30era.

Esperientzia probatu gura dutenek doan jarduteko aukera izango dute hil honetan. Izena eman nahi dutenek, berriz, hiru bide dauzkate: www.aikotaldea.com webgunea, bulegoa@aikotaldea.com helbidea edo 634 423 539 telefono zenbakia.

Seigarren urtea da Aikok dantza ikastaroak Durangoko Plateruenean eskaintzen dituela; Bilboko Erribera merkatua bezala, dantzazaleen topagune bilakatu da, dagoeneko, Durangoko Kafe Antzokia ere.

AIKO TALDEA en Instagram AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus