Badago dantzatzeko beste modu bat, naturalagoa, lasaiagoa eta dibertigarriagoa. Doinu bat entzutean berez oinak mugitzen ditugunean, kulunka egiten dugunean, edo hatzamarren puntekin erritmoa markatzen dugunean, musika sentitzen ari gara eta dantzari ateak irekita. DANTZALDI IBILTARIA dantza zaletasuna da eta dantzarako musika jo eta sortzeko gozamena. Musika jo, dantzatu, partekatu eta irakatsi.

Dantzaldi ibiltaria

Dantzaldi ibiltaria martxan jarri zenean, hilero Durangoko Plateruena Kafe Antzokian egiten genuen erromeriekin hasi ginen, eta, herriz herri, modu ibiltarian, Bizkaian zehar egiten genituen egun bateko tailerrekin, guztiak dantzan gozatu dezakegula erakusten, aspaldiko erromerien xarma konpartitu nahiean. Lehen eguneko tailerretik, agerian gelditu zen ikastaldi luzeagoen behar izana eta nahia, eta horrela 2008. urtean ikastaro egonkorrak antolatu genituen urritik ekainera hainbat herritan. 2015-2016. ikastaldian, 500 ikasle baino gehiago izan ditugu Bilbo, Donostia, Gernika-Lumo, Galdakao, Markina-Xemein,  Durango eta Berastegiko ikastaroetan. Plateruenako  erromeria ere, dantzazaleen bilgune bihurtu da, eta baita, beste hainbat herritan egindako dantzaldi-erromeriak. Hori gutxi balitz, aparteko ekitaldiak, abenduan, Durangon, eta ekainean, Urkiolan ospatu dugun dantzazale eguna; BANDtzaldia  herriko bandekin dantzan ekimena;   Bilboko Bizkaia Aretoan antolatutako "Tradegin: tradiziozko dantza garaikidea egin" EHUko uda ikastaroetako asteburua, eta baita ere, DantzaKantu, kantatutako doinuekin dantzan egiteko ikastaroa, oso ondo atera direla esan dezakegu. 

Denbora honetan jasotako esperientziak, 2016-17 ikastaldirako ere, ekimen eta  egitarau desberdinak proposatzeko gogoa eta ilusioa sortzen digute.

Dantzarako leku bat

Ikastaroen eskeintza egonkorra berregitu egin dugu, eta horrela, batetik, gurekin dantzan ikasten hasi nahi duenarentzat oinarrizko dantza ikastaroak antolatu eta eskeintzen ditugu, eta bestalde, "dantzagunea" deitzen dugun hori. Dantzaguneak, oinarrizko dantza ezagupena dutenentzako pentsatuak daude, astero elkartu eta elkarrekin dantzaz gozatzeko aukera emateko, dantzan praktikatzeko leku, toki edo gunea. AIKOko dantza maisuek gidaturik dantzan ekiteko aukera bat, edo/eta dantzakera hobetzekoa, edo/eta pausu eta dantza berriak ikastekoa.

Azken batean, dantzaldi ibiltariak hasteko, oinarrizko dantza ikastaroak eskeintzen ditu, eta bestalde, oinarrizko maila bat dutenentzako (ikastaroak eginikoak, dantzari eta dantzari ohiak, dantzazaleak…) astero elkartu eta praktikatzeko, dantzaguneak.

Dantzaldi Ibiltariaren egitura

Dantzaldi Ibiltaria ekimenak formazioa eta ludikotasuna elkartzen ditu eta hainbat jarduera biltzen ditu:

  • tailer ibiltariak: herri batean eta bestean egiten diren hastapeneko tailer edo ikastaroak, ordu bikoak. Dantza tradizionala ikasteko “demoak” edo “clinicak” direla esan daiteke.
  • ikastaro egonkorrak eta dantzaguneak: 2016-17 ikasturtean, Bilbo, Donosti, Galdakao, Markina-Xemein, Gernika-Lumo, Durango eta Berastegin izango gara asteroko eskolak emanez.
  • dantzaldi-erromeriak, bertan, tailer eta ikastaroetan ikasitakoa praktikatzeko aukera dugu, gehiago ikasteko, dantzan gozatzeko, beste zaletu batzuk ezagutzeko, etab. 
  • dantza-asteburuak: hiru hilero asteburu batez biltzen gara gai jakin baten inguruan elkartu, elkar ezagutu, ikasi eta ondo pasatzeko asmoz.
  • ikastaro/mintegi monografikoak: beharrizanen arabera, edo eskakizunen arabera, ikastaro edo mintegi monografikoak ere ematen ditugu.
AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus