KOBREIK!

Santamariaren paperak. Aire aukeratuak

Selección de toques de dulzaina de los papeles de Santamaria

Tanborra Asier Garcia Artetxe

Dultziñea-gaitea Sabin Bikandi Belandia

<Kobreik! Elkar online liburu dendan>

 

 

01 Kolaziño (jotea) ZNB 3

02 Mañaritik gora (jotea) ZNB 19

03 Iragorri (jotea) ZNB 1

04 Mugarra (jotea) ZNB 23

05 Juangaiteru (jotea) ZNB 2

06 Santapolonia (jotea) ZNB 33

07 Barrankolobo (jotea) ZNB 4

08 Ikastekoa (jotea) ZNB 29

09 Begoñara kazan (jotea) ZNB 5

10 Leonena (jotea)

11 Basilion despedidea (jotea) ZNB 6

12 Simeonena (jotea)

13 Durandioko berezien (jotea) ZNB 8

14 Arrañotik Labeara (jotea) ZNB 9

15 Bargondia (jotea) ZNB 11

16 Poponena (jotea)

17 Usoa (arin ariñe) ZNB 1

18 Galafan (arin ariñe) ZNB 12

19 Kurtzetara (arin ariñe) ZNB 5

20 Ikastekoa (arin ariñe) 14

21 Ubelde (arin ariñe) ZNB 10

22 Ortuoste (arin ariñe) ZNB 11

23 Bidekoa (biribilketea) ZNB 16

Partaideak

Dultziñea-gaitea, Sabin, Kontxi Belandia eta Bizente Bikandiren semea.

Tanborra, Asier, Edurne Artetxe eta Txetxe Garcíaren semea.

Produkzioa eta nahasketak, Aitor, Juanita Usabiaga eta Patxi Furundarenaren semea.

Grabaketa teknikaria, Manu, Izaskun Silva eta Kaki Arkarazoren semea.

Diseinu grafikoa, LaTapadera creaciones:

Iñigo, Mª Carmen Fonseca eta Jesús Ordozgoitiren semea.

Aitor, Arsenio Elordui eta Miren Josune Zarateren semea.

Argazkiak, Iñaki. Jose Luís Eskubi eta Mª Angeles Fernandezen semea.

Euskera zuzenketak, Iban, Mª Jesus Iturriaga eta Juan Ignacio Gortazarren semea.

© Copyright

CD honetan grabaturiko musikak herrikoiak, tradizionalak edo egile ezezagunekoak dira.

Erabilitako musika tresnak

Dultziñak-gaitak: Simeon Iragorriren Pradere dultziñea (c.1900), Demetrio Artxetxeren Pradere dultziñea (c.1900), Juan Irustaren Pradere itxurako dultziña izenbakoa (c.1900), Koldo Telleriak eginiko Pradereren kopia (2006).

Danborra: Black Swamp, SA5514MDT, 2005.

Grabaketa

Estudioa: Screamwaves Studios (Gernika). Teknikaria: Manu Villasante.

Musika organikoa, naturala, ekologikoa

Diska honetako musika modu naturalean ekoiztu eta grabatu da, gehigarri kutxagarriak erabili gabe, eta ekoizpen prozedura osoan gizakia eta natura errespetatzen duten osagaiak erabiliz, musikaren produkzio jasangarria zihurtatzen duten musikariekin.

01         Kolaziño (jotea) ZNB 3         2:07

Kolaziñok, erderaz Parroquia esan gure dau, baiña Kolaziño, guretzat Bedia da, Colación de San Juan de Bedia, hau da, Bediako parrokie. Kolaziñokoa zan Juan Aiesta Urkidi, dultziñerue edo gaiterue, eta gure maisutzet izan dogune. Juan Aiesta, “Juan Gaiteru”,  Aztegieta baserrien jaio zan 1893.eko martien 7en. Barrueta baserrire ezkondu zan, han ezagutu genduan guk, eta han bizi izan zan bere heriotza egunerarte, 1988.eko zemendien baterarte. 14 urte ebazanean Demetrio Artetxegaz hasi zan dultziñea ikasten eta beragaz hasi zan inguruetako erromeri guztietan jotzen Urkiolan, Zorrontzan, Durungon, Gerniken, Artxandan, Begoñan, Bedian, Deustun, Galdakon... Alargundu zanean dultziñea jotzeari itxi eutson, Tiliñok Iurretan antolatzen eban Trikitilari Egun baterako deitu eban arte, 1978 urtean. Eta ordutik aurrera jotzen jarraitu eban 96 urtegaz hil zan arte. Berarengandik Jabi Santamariak jaso eta osoturiko jotea da honako hau, grabatu doguzan gehienak bezela 3 bueltadune.

02         Mañaritik gora (jotea) ZNB 19         2:27

“Durungon bazkaldute Mañaritik gora, trukutze sartu jatan eperditik gora” diño kopleak, eta segiduen datorrenak: “Zertako joan ziñen eperdi zabalik, eneuelako jakin trukutzik dauenik”. Kontue da, Bizkaiko herri askotan, erromeririk fameuena Mañaritik gorakoa zala, Urkiolakoa. Nonok esan eban Mañaritik gora zerue ikutu leiela, eta han, erromerireko bidean, Mañarin, Juan Bilbao dultziñerue bizi zan, Bargondiko Patxi Bilbaoren lehengusue, eta dultziñea joten maisu handi bet izan zan. Berari jasotako jota ederra dogu Mañaritik Gora izena imini deutsoguna.

03         Iragorri (jotea)  ZNB 1         2:31

Mutikotan suerte handia izan neban eta neure eredu eta iturri izan ziran lau musikari ezagutu nebazan: Juan Aiesta (Barrankokoa, Kolaziñokoa), Patxi Bilbao (Bargondikoa, Dimakoa), Juan Bilbao (Mañarikoa, Patxi Bilbaoren lehengusua) eta batez be Simeon Iragorri (Arrañoko semea, Labeara ezkondu eta bertan bizi zana, Galdakon). Urrago egoazalako edo, Juan Aiesta eta Simeonengana sarriago joaten hasi nintzen. Eta laster batera, Simeon Iragorri neure maisutzat hartu nebala esan daiteke, eta berak ni ikasletzat. Gizon apala zan Simeon, eta plaza askotan ezbazan ibili be, oso dultziñeru fiñe zan, teknika eta gustu handikoa joten, altuetatik eta bajuetatik, lotute zein pikeute... artistea zan joten. Horregaitik, bere izena daroan jotearen deia be, berezitxue da, nota askodune, Galiziako gaiteruek erabiltzen deurien antzekoa, eta iñoiz, Jon Zamalloa, lagun eta artisteari entzunekoa (amesetan ez badot ein). Iragorri zan neure maisue, eta Iragorrin bizi naz geur egun, eta Iragorri jarri geuntzon jota honeri. 

04         Mugarra (jotea) ZNB 23         2:24

Juan Bilbao, Mañariko Ortuoste baserrien jaio zan 1905.eko maiatzeko 8en, artzai edo pastore famili baten. Juanen aurretik, Manuel bere anaiak joteban dultziñea, baiña 1922. urtean, soldadu egoala afriken, Melillako gerran hil zan. Beragaz eroan eban dultziñea, eta erregimenduko kapitanaren tartez, Bilbao familiak berriro eskuratu eban musika tresna. Juanek, anaiaren dultziñea hartu eta joteari ekin eutson.

Beste askoren antzean, mutil kaskondoa zala, pastore ebilen artean, bere konture ikasi eban joten Juanek. Belarri fiñe eukan eta buru argie, eta holan, pitike-pitike, inguruen entzuten ebazan doiñuek dultziñara egokitu eta danerik joten eban: tangoak, pasodobleak, baltsak, jotak, dianak...

60. hamarkadararte bere lehengusu Fermin Ortuoste eta Txomin anaiak danborra jota ibili zan plazarik plaza. Gero, franko hil zanean be, hainbat erromeritan jo eban “Bizkaiko Talde Batuak” taldearen eskutik beti Karmelo bere semeak danborra jota. Holan, plaza lagun izan ebazan, beste batzugez batera: Basilio Txiki, Juanita Gorroño, Eduardo Eguiarte eta Felisa, Leon Bilbao eta Maurizia Aldaiturriaga.

Dultziñeru kideakaz be harreman handia eukin eban, Abadiñoko Julian “Katxarrerogaz”, Dimeko bere lehengusue zan Patxi Bilbaogaz, Bediako Juan Aiestagaz edo Azkoitiko Montte anaiakaz be bai.

1991.eko San Silbestre egunean joan jakun Juan Bilbao Ortuoste.

Mugarra inguruetan ezagutu genduan Juan Bilbao, eta Mugarra izena ipini deutsogu berak joteban jota eder honeri.

05         Juangaiteru (jotea) ZNB 2                  2:33

Esku artean euken erramientea normalean dultziña deitzen eben baiñe Juan Aiesta, Kolaziñoko gure maisue, Juangaiteru moduen be ezaguna zan hainbet bazterretan. Papel zarretan be, erderaz egon arren gehienak, izen biak aurkitu geinkez, “dulzaina” eta “gaita”. Horregaitik gure diskoa grabatzerakoan izen biak erabiltzea erabaki genduan, dultziñea eta gaitea.

Juangaiteru benetako maisue izan zan gure belaunaldikoantzat, eta berari Jabi Santamariak egiñeko grabaziño eta partiturei esker, gure aurreko dultziñeruen errepertorioa hobeto ezagutzen dogu. Juangaiteru 96 urterarte joten ezagutu genduan, eta bere baserrien beti egoan prest berbaldi bet eta jotaldi bet eiteko. Holan ba, berak joteban jota hau Juangaiteru deitu dogu.

06         Santapolonia (jotea) ZNB 33                  2:06

San Antoniotan Urkiolara joan garenok, egunean zein errepetiziñoan, edo beste edozeiñ egunetan be, maletea hartu eta egun pasa, seguramente Sanapoliniren iturrien tragu bet ein barik ez giñen bueltauko, tragu bet eiñ, edo bertan, iturriko uraska ederrean freskatuten iminiko ardauaren tragu bet behintzet.

Santapoloniren inguruko pagadien, hainbet dantzaldi, eta hainbet kontu eta hainbet guzur esango ziren, eta horregaitik Santapolonia izena daroa Patxi Bilbaori Jabi Santamariak jasoko jota honek. Hori bai, gure maisu zaharrangandik ikasi genduanez, geure modure moldatu dogu, beti bezela. Hiru buelta grabau doguz bi egin beharrean. Egozan kanteu biek ezberdiñek ziren eta geuk bardindu egin doguz hiru bueltatan. Eta faltan botatzen genduzan hirugarren bueltarako puntapio eta harahonako bat asmatu doguz.  Por tzierto! Dinamarko lagun bibolin jole eta dentistea dan Jackegaz Urkiolara joan giñen batean, enterau ginen Santapoloni dentisten patroia dala, hortik agoan ure sartu, bueltak emotea, eta guzti hori. Santapoloni jotea.

07         Barrankolobo (jotea) ZNB 4         2:31

Lehenago, lehenengo eta bat kantuan ikasten zan, eta gero dantzan, eta gero musika jotzen... Dantza maisu gehienak musikariak ziran, edo bestera esanda, musika maisu tradizionalak dantza maisu be baziran. Zelan edo halan, dantzan be baekien, eta dantzan egiteko jotzen eben, erromeri ta dantzaldietan, ez kontzertuetarako. Gaur dantzarik gabeko dantza soinuak entzuten ohituta gagoz, baina hori, guretzat sikiera, ez da berezkoa, naturala. Eta horrela be agertu izan jakuz dantzan ez dakien musikariak eta musikaz ez dakien dantza maisuak. Badakigu estudioan eginiko grabaketa bat, sarritan entzuteko erabiliko dala, baina, zelan edo halan, saiatu gara dantzara moduko grabaketa bat egiten, dultziñea ta danborra jotzeko eran, erabilitako erritmoetan, esaldiak markatzeko moduan, eta batez be abiaduran. Aspaldiko danbolinteruek, dultziñeruek eta albokariek, Gitanok esango leukenez: “luzeago joten eben”, eta geu be horretan saiatu gara, nahiz eta, jota ta porruren batean, bizkorregi joan garen. Dantzariek aurrean bageunkaz, seguramente oraindik be, geldoago joko geunkeen.

08         Ikastekoa (jotea) ZNB 29         2:21

Aiko taldea, musika eta dantza tradizionalaren mundua ezagutarazi, ulertu, ikertu, irakatsi, sustatu, bultzatu, garatu, herrikoitu, gizarteratu eta geureganatzeko sortu genduan Euskal Herriko musika eta dantza maisuen talde batek. Gure beharretariko bat dantzan irakastea da, ikastaro zein dantzaldietan, plazetan zein unibertsitatean. Eta dantzen artean, jotea irakastea. Eta jotea lehenauko usure irakasten saiatzen gara, Galdakaoko Andra Mari dantza taldeko dantza maisu dan Kepa Artetxerengandik ikasi dogunez. Eta ikastaldiotan, gehien erabiltzen dogun jotea, ointxe entzungo dogun Patxi Bilbaok jotzen ebana da, eta horregaitik, gure artean “Ikastekoa” izena jarri geuntson eta horregaz, izen horregaz gelditu de: “Ikastekoa”.

09         Begoñara kazan (jotea) ZNB 5         2:33

Baten baiño sarriago, Simeon Iragorri eta Juan Aiesta elkartzen genduzanean, kontu kontari hasi eta, Juanek Begoñara kazan joaten zirela esateoskun, eta koneju eta erbi partideagaz bueltatzen zirela etxera. Bai, Begoñara kazan, geur egun Txurdinaga eta Otxarkoaga eta inguruko parajeatara. Haik bai denborak... Begoñara kazan...

10         Leonena (jotea)         2:25

Gaur egun musika entzuten dogun modue ta gure aurrekoena ez da bardiñe. Dakigunez, lehenago, erritmoagaz batera, melodia osatzen daben interbaloak eukien garrantzia eta ez horrenbeste, interbaloen modalitateak, edo beste modu batera esanda, inportanteena notartekoak osatzen eben melodia zan, notartekoen modalitatea baino. Aspaldiko tresnen afinazioa be, jotzeko eta musika ulertzeko modu horretan lagungarria zan. Aztertu doguzan txistu, dultziña eta alboka zarrak behinik behin, teorian eman beharreko baino tonu laburragoak daukiez, eta tonu erdi luzeagoak, oktaba, zazpi zati bardin antzekotan banatzeko joera baleukie moduen. Horrela, modelo horregaz, errezagoa zan modalitate batetik bestera pasatzea, edo beste barik tartean egotea. Kobreik! grabatzerakoan afinazio berezi hau daukien dultziñak erabili doguz, eta jo be lehenagoko modura jo doguz, sarritan esaten dogunez, modu “maiormenorrean”.

Eta horren adibetzat segiduen entzungo dogun jotea, Leonena izena ipini geuntson, Arteako Leon Bilbaok jotebalako albokeagaz, baiñe, dultziñeagaz be joten zana. Eta guk, gaur egun albokari modernoak estandarizatu daben modo menorrean barik, berezko moduen jo ta grabatu dogu, gure maisu zarren modure. Eta barriz, osabea dodan Zeberioko Patxi Aramendik (Aupa osaba!), gaztetan hainbet albokari ezagutu ebazanak, batez be Juan “Txisperue”, bazkalondoren batean, pieza hau kantzatzen dauanean, beti modu maiorrera jotzen dau menorrera baino gehiau.

Asi es ke, modu baten zein bestean, hemen dator Leonena.

11         Basilion despedidea (jotea) ZNB 6                  2:33

Geure maisu izan zirenengandik, aspaldiko kontu asko entzun  eta ikasi genduzan, eta horrela jabetu ginen aldaketa itzelak ikusi ebezela euren bizimoduan zehar. Batzuk ahiztu egiten jakuz, baina bat, behintzet, gogora jatort.

Basilio Etxebarria, Juan Aiesta eta Simeon Iragorri, dultziñeruak eta lagunak be baziren antza.  Segun itxure, Basiliok ezkontzeko erabakia hartu eban eta despedidea Gorbean ospatu eben. Simeonek eta Juanek, txakurrek eta eskopetea be eroan ebezan, da Basiliorengana joan ziren, bere txabolean despedidea zelebretan. Elkarregaz kazan, tiroren bat bota, elkarregaz mokadu bat jan da, elkarregaz jotaldi bet egin, lo be batera... Haik bai denborak...

Basilion despedidea, izena imini deutsogu jota honeri, Jabi Santamariaren paperetan seigarren zenbakiegaz agertzen jakun jotea.

12         Simeonena (jotea)         2:21         2:21

Euskera batua hedatzen hasi zanea, gutariko asko, geure herriko euskereagaz lotsatu egin giñen, ez ei genduan euskera garbie berba egiten eta. Dantzeagaz be holako zeozer pasatu zan, eta gerrostean batez be, jotea txapelketetan eta eszenarioetan dantzan egiten hasi ziranean, puntetan, saltuke, baleteko dantzarien antzean... gure herrietako dantzan egiteko modue be galtzen hasi zan. 70. hamarkadan bueltan, eta Juan Antonio Urbeltzen eragiñez zati handi batean, dantza talde batzuk tradizioaren iturrietara bueltatu ziran. Euren artean Galdakaoko Andra Mari dantza taldea.

Jotea dantzatzeko aintziñeko moduek ikertzen hasi ziren, eta ikerketak, naturala danez, Arratiara eraman ebazan Galdakoztarrak, Galdakao, Arratire begire dagoalako moduren batean. Eta, Arratia inguruko musikari eta dantzariekin lan egin ebenez, laster batera dantzan hasi ziren jota moduari, Arratiako jota izena jarri jakon, nahiz eta antzera dantzan egiten zan Berrizen, Bilbon, Alonsotegin edo Billabonan.

Beste dantza talde batzuk be hasi ziran Arratiko jotea dantzatzen, eta musikeari dagokionez, dultziñea erabiltzen be ausartu ziren batzuk, eta baten baino sarriago segiduen entzungo dogun jotea egiten eben, Jota de Arratia izenagaz. Geuk, Simeon Iragorrirengandik ikasi genduanez, eta berak joteban modure edo antzera, ba Simeonena izena jarri deutsogu. Halan ba, Simeonena, baten batentzat  La Jota de Arratia.

13         Durandioko berezien (jotea) ZNB 8                  2:34

Udabarriko goiz baten ei zan. Simeon Iragorrik, dultziñea hartu eta praktiketan joan zan basora, Durandio gañean dagoen berezi batera antza. Eta han, harri baten gañean planteu eta dultziñea esku artean hartu eban. Bajuetatik jotzen baekian, baiñe, altuetatik ezekian, eta han ebillen Simeon fi, eta fa, dultziñeari puzke . Horretan ebillela, dultziñean soiñuek eta zagatak entzunde, Juan Aiesta agertu jakon Simeoneri:

-Zertan habil ba mutiko?-Juan Simeon baino urtetxu batzuk nagusiago zan da.

-Ba hemen, altuetatik joten ikesi gurean.

-Hori erreza dok ba. Aitik, ezkerreko orkoloan zuloa apur bet zabaldik bai, gogortsuau putz ein apur bet, ta ikuskok.

Ta Simeonek holan ikasi ei eban altuetatik joten, eta horregaitik, beti Juan Aiesta maisu moduan tratatzeban, eta sarriten historiatxo hau konteta eban, berarentzat oso inportantea. Bajutatik edozeinek joten dau, baina altuetatik...!

Durandioko berezien izene imini dautsogu Santamariaren paperetako zortzigarren joteari.

14         Arrañotik Labeara (jotea) ZNB 9         2:22

Plazatan dantzarako joten gabizen musikerueri, baten baiño sarriago paseu jaku, soltureko edo trikitien dantzan egiteko jota bat joten hasi, eta dantzarako prest egoan no nork esatea:

-Hi joik beste jota bat, hau etzakiat eta, ez dakik Ezin leikela... (kantau, tarareau).

Jotea dantzan dakienak, jota bat eta danak dantzan be badakiz, edo jakin beharko leuke, pasodobleagaz edo baltsagaz pastan dan moduen. Erregular, gaur egun dantzan ikasteko eta egiteko moduek aldatu egin dire eta hor egongo da kakoa. Lehenauko denboretan, ez egoan jota bako dantzaldi edo erromeririk, eta hobetotxuau edo txartxuau mundu guztie zan jota bat eiteko gai. Jotea dantza berezie izan da dantzan egiteko eta jotzeko be. Ez dakigu bere egitura erritmikoa dan, tartekoak eta baltseoaren nahastea edo, baina joteak “hilek be piztu” egiten ei ditu. Geu be, jotalari edo behintzet, jotazaleak be bagara, eta horregaitik Aiko taldeak grabatu dauan Kobreik izeneko dultziña diskoan, 16 jota batu doguz. Eta hamalugarrenari, izena Arrañotik Labeara ipini deustogu, gure maisu izan zen Simeon Iragorri Lemoako Arraño auzoan jaio eta Galdakoko Labeara ezkondu zalako, eta han ezagutu genduan.

15         Bargondia (jotea) ZNB 11                  2:32

Geuretzako dultziñea edo gaitea esku artean darabilgun musika tresnaren izena da, ta musikagilea deitzeko be, berdin antzera erabiltzen zan dultziñeru zein gaiteru izena. Juan Aiesta, esate baterako, Juan Gaiteru moduan zan ezaguna inguru askotan. Baina gaur egun, sarritan, dultziñea eta gaitea ezberdintzen dira, ez bakarrik izenez, abizen ezberdinekaz erabilita be, “bizkaiko dultziñea”, “metalezko dultziñea” batetik, eta bestetik, “nabarrako gaitea” eta horrelakoak ohizkoak dira.

Nabarrako gaitea, gehienetan gaur egun, bikoteka jotzen da, duo bat eginez, danborraren laguntzaz. Hori dala ta, lagunegaz batera jokeran, afinazio eta armonia batzuen laguntzaz, behar bada, jotzeko modua zelan esango geunke ba, garbiagoa, afinatuagoa, borobilagoa, estandarizatuagoa, akademikoagoa bihurtu da. Horrek daukazan gauza on eta positibo guztiekaz. Tresnak be, hobetu egin dira, eta puntako teknologia erabiltzen da gaitagintzan, bai tresnak, bai fitak egikeran.

Gure dultziñea, ordez, bakarrik jotzen da, dultziñeroa ta tanborreroa beste barik, tanborreroa edo panderoa edo dagoena. Horrek askatasun handiagoa emoten dau jotzerakoan, eta horregaitik erregular, dultziñean oraindik aintzinako jotzeko modua mantentzen dogu, berezko afinazio horregaz, apaindurak egiteko modu berezi horregaz, eta inprobisaziorako ematen dauan askatasun guztiagaz. Eta horrela, geure modure grabatu dogu Kobreik! izena daroan CD-a eta bertan, Bargondia jarri deutsogun jota hau, Bargondiakoa zalako Patxi Bilbao dultziñeru maisue.

16         Poponena (jotea)         2:29

Pedro Egia Etxebarria, 1888an jaio zan Arratiko Arantzazun, eta bertako barberue izateaz aparte, soiñularie be bazan. Pedro Egia baino Popon moduan zan ezaguna, eta soiñulari ezaguna izan zan bere inguretan. Baten baino sarriago, Artetxe dantza maisuek, Poponen jotea jotea eskatzen eustan, gogokoa eukala eta, baina eneban ezagutzen. Egun baten Artetxek Poponen jotearen grabaketa bat ekarri euztan eta geuri be gusteu jakun, batez be kanteue, erregular daukon kutsu modal horregaitik (sol la si do re mi fa mi re fa mi re mi re do si la sol...). Jaso genduan grabaketan jotea farreagaz, hillarabikoagaz, eskusoiñuegaz edo filarmonikeagaz jota baegoan be, geuk dultziñegaz joten du, beste tarteko batzukaz batera, eta piezeari izena ipinterakoan, ba, Poponena jarri deutsogu. Hemen joatzue Poponena!

17         Usoa (arin ariñe) ZNB 1                  1:53

Patxi Bilbao, Dimako Bargondiko dultziñeruak, hainbet kontu kontatzen euskuzan mutikoak giñela. Patxi gaztea zanean, Bilboko jaun bat joan ei zan Dimara kazan, eta Bargondiko parajeatara heldu zanean, inguruetako mendi eta basoetatik ibilteko laguntza eske joan zan Patxiren etxera. Eskupekoren bat tartean egongo zan seguru, eta aitak, Patxi agindu eban jaun horren morroi eta gidari inguruetan kazan ekiteko. Halako batean uso bat ikusi eben, eta jauk horrek, apuntau eta tiro eikeran huts egin eban. Patxik, usoa atzetik eroan eban gizona, eta berriro be bardin, apuntau, tiro egin eta huts! Berriro be, Patxik usoaren bidetik eroan eban Bilbotarra, eta berriro be huts. Azkenengo baten, gorosti baten puntan jarri zan usoa, bistara eta leku onean. Patxik, azpertute, harri bet hartu, eta harrikada bategaz usoa tragau eban hiriko jaunak eskopetea prestau orduko. Egia edo guzurre, gure maisuaren aspaldiko kontuegaz akordau, eta berak jotzeban arin-arin honeri Usoa izena jarri deutsogu.

18         Galafan (arin ariñe) ZNB 12         1:19

Juan Bilbao, Simeon Iragorri, Patxi Bilbao, Juan Aiesta, Basilio Etxebarria, Demetrio Artetxe... dantzaldi eta erromerietako animatzaille izan ziran dantza gure herrietako aukera nagusie zanean elkarregaz egoteko eta harremanak egiteko. Musikariak ziran dantzaldia antolatu eta mantentzen ebenak, eta euren lana inportantea zan eta ordaindu egiten jakien jotzeagaitik. Musikoen plazak udaletxetatik antolatu eta kontrolatzen ziren. Oso ezagunek ziren erromeriak, batzuk ospe handikoak: Urkiola, Bizkargi, Artxanda, Begoña, Santa Eufemia, Oiz... Baiñe nahiz eta mendi eta baserri inguruko erromeriak garrantzitsuak izen, ez dogu ahiztu behar, dantzatokirik inportanteena Bizkairako behintzet, Bilboko “La Casillan” egoala. Bertora etortzen ziren inguruetako dantzazale guztiak, eta baita be musikari eta jotalari artistak.

Dantzaldiak korroatan egiten ziren musikari talde bakoitzaren inguruan, eta dantzan egiteko, bikote bakoitzeko mutillek, dantza bakoitzeko ordaingu egin behar eben, txakur txiki bet, edo tokatzen zana. Guzti hau antolatzeko, musikariak kobradore bat be eroaten eban, eta gurasoak kontau dauskuenez, ohikoa zan, musikariak, joten eban artean, korroan egoazan bikoteak kontrolatzea, nork ordaindu eban ta nork ez, eta baten baiño sarriago, kobradoreari agintzen eutson:

-Kobreik!

Eta gure CD honetarako izen hori aukeratu dogu, “Kobreik!”, erromeri eta dantzaldiak gogoratu gurean, jota eta jotalariak, ofizioa ezagutzen eben musikarien sasoia, dantzaldien sasoia Casillan eta Artxandan, Urkiolan eta Bizkargin...

Eta Kobreik! diskatik, ariñ-ariñe sosieguz dantzan egiteko Galafan izena jarri dautsogu Juan Bilbaok joteban porrusaldeari.

19         Kurtzetara (arin ariñe) ZNB 5         1:21

Jotea ta arin-arine, bikote dantzak dire, eta sasoi baten, neskak eta mutillek, gizon eta andrak elkarregaz jotea dantzatzea pekatutzat hartzen zan, dantza erotikoak ziran eta. Zelan edo halan, jotea ta porrusaldea, lagunegaz dantzan egiteko dantzak ziren, lagunegaz batera, biok alde batera ta bestera, hasteko lehenengo tartekoa edo puntapioa, gero bigarren tartekoa edo harahonakoa eta segiduen, kanteuen, koplatan, lagune heldu eta baltseoan, arrimatekoan. Sarriten, neska bi dantzan egozala, mutil bik dantzan eskatu eta laurok kurutzetara dantzan egiten eben, kurutze bat osatuz, bakoitza bere lagunegaz.  Eta izen hori imini geuntzon jarraian entzungo dogun arin ariñeri, Kurtzetara.

Gaur sarritan, jotea ta porrue korroan dantzan ikusten doguz, iñok iñogaz dantzan egin barik, batzuk hona, ta bestak hara. Gure maisu batek esaten ebanez, jotea ta porrue korroan egitea dala pasodoble bat, edo txotise korroan egitea moduen, lagun barik eta suster barik.

20         Ikastekoa (arin ariñe) ZNB 14                  1:23

Ikastekoan lagune

Aiko taldea, musika eta dantza tradizionalaren mundua ezagutarazi, ulertu, ikertu, irakatsi, sustatu, bultzatu, garatu, herrikoitu, gizarteratu eta geureganatzeko sortu genduan Euskal Herriko musika eta dantza maisuen talde batek. Gure beharretariko bat dantzan irakastea da, ikastaro zein dantzaldietan, plazetan zein unibertsitatean. Eta dantzen artean, jotea ta ariñariñe irakastea. Eta jotea lehenauko usure irakasten saiatzen gara, Galdakaoko Andra Mari dantza taldeko dantza maisu dan Kepa Artetxerengandik ikasi dogunez. Eta ikastaldiotan, gehien erabiltzen dogun jotea, ointxe entzungo dogun Patxi Bilbaok jotzen ebana da, eta horregaitik, gure artean “Ikastekoa” izena jarri geuntson eta horregaz, izen horregaz gelditu de: “Ikastekoa”.

21         Ubelde (arin ariñe) ZNB 10                  1:22

Joteari Lehenengoa be deitzen jakon, lehenengo joten zalako, zihur-suguru, eta ostean etorren ariñariñeri edo porrusaldeari, ba, bigarrena. Erromerietan jotzen egozala, lehenengoa amaitu, eta bigarrena jotzeko prest egozala, atoan, baten batek, korrora sartu barriek edo, lehenengoa eskatzen eban berriro: Joik lehenengoa. Eta ez dakigu horregaitik zan, ala musikari eta dantzariek jotea gustokoago ebelako, baina kontue da, jotak ariñ-ariñek baino gehiago joten zirela. Gure maisuen errepertorioa be, jotetan aberatsagoa dala esan geinke, eta geuk be, jota gehiago grabatu doguz porruek baiño. Baiña onartu behar, porrusaldea be gozoa dala lantzean beiñ. Eta horren adibide, gure gustokoa dogun hau, Patxi Bilbaoren baserriaren izena imini geuntsona, Ubelde.  Buelta biko porrusaldea, Ubelde.

22         Ortuoste (arin ariñe) ZNB 11                   1:56

Dultziñea eta gaitea, musika tresna bardiñarentzat izen bi be badire, eta holantxik, guk geure burue dultziñeru zein gaiterutzat dogu, eta esku artean darabilgun erramintea be, dultziñea zein gaitea deitu geinke. Segun itxure, tresnaren egitureari begituta, metalezko dultziñea egurrezkoaren bertsio merkea zan hasieran, edozeinek eskuratzeko moduko tresna bat, kaletar zein baserritar. Gero, metalezkoak bere izakera berezkoa hartu eban, eta gure maisuentzat (Simeon Iragorri, Juan Aiesta, Patxi Bilbao ta Juan Bilbao) dultziñea metalezkoa zan, beste barik. Egile famatuenak Pradere familikoak izan ziran, eta grabaketa honetarako be, Pradere-ren dultziñak, eta eredu berdineko dultziña barriak erabili doguz, ez grabaketa historiko-dokumental bat egitearren, baizik eta gustora jotzen doguzalako.

Hona hemen Ortuoste izena jarri deutsogun hiru bueltako porrusaldea Simeon Iragorriren Pradereren dultziñeagaz jota.

23         Bidekoa (biribilketea) ZNB 16                  1:58

Kalerik kale joateko, edo sokan eskutik lotute dantzan egiteko jotzen doguzan seisporochoko kontraiantzak gure artean izen ezberdiñek hartzen dauz: biribilketa, kalejira, pasakallea, martxea... eta gaur egun apenas erabiltzen dogun “bidekoa”.

Biribilketak, ez dakigu errezak direalako edo, umeak be erdi jolaz modura dantzan egiten dabelako, edo zergaitik dan, baiña batzuk ez dabe dantzatzat hartzen, baiñe erromerietan jo eta dantzan egin dogunok, badakigu dantzaldi bat ezin leikela amaitu soka bat egin eta kalejira edo martxa edo biribilketa bat dantzatu barik. Geuk be, gure dultziña grabaketa sorta Bidekoa jota amaitu gure izen dogu, sokan, eskutik lotute, kate bat osatute, elkarregaz dantzan luzaroan ekin dagiogun. Bidekoa.

 

AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus