13-12-2014
DURANGON.COM: AIKO Taldeak Eguberrietako Dantzazale Eguna ospatuko du gaur Durangon

Aiko Taldeak Eguberrietako ohiko Dantzazale Eguna ospatuko du Durangon gaur, eta bertan 200 pertsona inguru biltzea espero du. Eguneko egitaraua eguerdiko 13.00etan hasiko da soka-dantzarekin eta jarraian kalejira, bazkaria eta 22.00an arte iraungo duen jaia egongo dira.

Dantza tradizionala hedatzeko asmoarekin sortutako Aiko Taldeak, egun osoko egitaraua prestatu du Eguberrietako Dantzazale Eguna ospatzeko asmoz. Ekimen hau igandetan Plateruena Kafe Antzokian egiten diren erromerien urteko amaiera jaia da.

Aiko Taldeko kideak diren Sabin Bikandi txistularia, Alvaro García gitarra jotzailea, Arkaitz Miner biolin jotzailea eta Asier Garcia perkusio jotzailearekin batera, Patxi Laborda, Larraitz Artetxe eta Josu Garate dantza maisuek ere Durangon izango dira. Ekitaldirako, gainera, Bizkaiko Gaiteroak, Roberto Etxeberria soinu jotzailea eta Asier Gonzalez albokaria gonbidatu dituzte.

Ekitaldiak 13.00etan hasiko dira Andra Mariko elizpean eskainiko den soka-dantzarekin eta, ondoren, kalejira eta poteoa egingo dira 14.30ak arte. Ordu horretan txakolina hartzera gonbidatuko dituzte Plateruenan bildutako guztiak eta bertan hasiko da bazkaria hirurak aldera.

Erromeria bostak aldera abiatuko da eta iluntzeko zortzietan Bizkaiko Gaiteroak taldearen emanaldia aurreikusita dago. Jarraian, goateke tradizionala abiatuko da gaueko hamarrak arte, festa ordu horrexetan amaituko baita.

Ospakizuna 200 lagunentzat mugatuta dago eta parte hartzeko beharrezkoa da 20 euro balio duen sarrera erostea Plateruena Kafe Antzokian bertan edo Aiko Taldearen Dantzaldi Ibiltaria programako ikastaroak ematen diren lekuetan.

Durangon egingo den Eguberrietako ospakizunaren ondoren, Aiko Taldeak beste bi dantzaldi eskainiko ditu aurtengo emanaldiei amaiera emateko; lehena abenduaren 19an Bilboko Erriberako Merkatuan eta bigarrena 26an Ondarroako Beikozini aretoan.

AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus