12-12-2014
ANBOTO.ORG: Eguberrietako dantzazale eguna ospatuko dute Durangon, zapatuan

Eguberrietako dantzazale eguna ospatuko dute Aiko dantza taldekoek eta eurekin ikasten dabiltzan dantzazaleek zapatuan, Durangon. Andra Marian hasiko dute egitaraua, 13:00etan, sokadantza emanaldiagaz. Ondoren, bazkalordura arte kalejiran ibiliko dira. Plateruenean egingo dute bazkaria, eta hantxe izango dituzte, gero, erromeria eta goatekea.

 

Durangoko zapatuko hitzorduan 200 lagun inguru elkartzea espero dute antolatzaileek. Jardueran parte hartu gura duenak Durangoko Plateruenean eskuratu ahalko du sarrera 20 euro ordainduta; Dantzaldi Ibiltaria programako ikastaroak ematen dituzten gainontzeko lekuetan ere erosi ahalko dira sarrerak.

Sabin Bikandi txistulariak, Alvaro García gitarristak, Arkaitz Miner biolinistak eta Asier García perkusionistak jarriko dute erromeriarako zuzeneko musika. Gainera, Bizkaiko Gaiteroak taldea, Roberto Etxeberria soinujolea eta Asier González albokaria ere gonbidatu dituzte eurekin jotzera. Bestalde, Patxi Laborda, Larraitz Artetxe eta Josu Garate ibiliko dira Durangon elkartzen diren dantzazaleei jarraibideak ematen.

Durangoko zapatukoaz gainera, urtea amaitu orduko beste bi erromeria ere antolatu ditu Aiko taldeak: hilaren 19an, Bilbon eta, 26an, Ondarroan izango dira saioak.

AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus