22-01-2015
BIZKAIe: AIKO Taldeak Jotalariak zikloa antolatu dau Asturias, Galizia eta Salamancako jantza-maisuen eskutik

Jantza tradizionalaren dibulgazinoan dabilzan musikari eta jantza-maisuez osotutako Aiko Taldeak Jotalariak izeneko jantza-ikastaro zikloa antolatu dau urteko lehen hiruhilekorako. Urtarrilaren 24an, zezeilaren 7an eta martiaren 7an, Bilbon egingo diran hiru jota-ikastarok osotutako ziklo honi esker, parte-hartzaileek Asturias, Galizia eta Salamancatik etorritako jantza-maisuez gozau eta jantzan ikasteko aukerea izango dabe. Hitzordua Bilboko Bizkaia Aretoan (UPV/EHUren Abandoibarrako paraninfoan-Bilbon) izango da. Ekimen hau Euskal Herriko Unibersidadearen lankidetzaz mamitu da, bi erakundeek abuztuan jatorri tradizionaleko musikea eta jantzak sustatzeko sinatu eben hitzarmenari jarraituz.
 
Aiko Taldeko kideek argi eta garbi autortu dabe: 'ezin dogu disimulau; asko gustetan jaku jota /fandangoa, eta gure zaletasuna beste leku batzuetako jotalariakaz konpartidutea, horretarako aukerea dogun bakotxean'. Ondorioz, taldearen jatorrizko 'gozau, jantzan egin eta ikasi' filosofiari eutsiz, hiru saio programau ditue jantza herrikoi honek Asturias, Galizia eta Gaztelako eskualde desbardinetan dituen ezaugarriak erakusteko. Hilean, zapatu arratsaldez, hiru orduko ikastaro bana antolatu dabe Bizkaia Aretoan, eta bakotxaren matrikulearen prezioa 20 eurokoa izango da.
 
Hilaren 24an, aurkezpen ekitaldian, Jotalariak zikloak Bilbo aldera ekarri eban Vezos Astures (Asturiasko ohiturak) taldea. Kultur alkarte honek, Aiko Taldeak legez, bere lurraldeko jantza tradizionala ikertu, berreskuratu eta sustatzearen alde lan egiten dau. Asturiasko talde horretako lau kidek jotak Asturiasko kontzeju desbardinetan dituan aldaerak erakutsi ditue. Ekimena UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko kultur-sareak eratutako Kulturbasque izeneko topaketa eta jarduera programazioaren barruan antolatu da.
 
Ondoren, zezeilaren 7an, zapatuan, jantza tradizionalean trebatutako Sergio Cobos jantza-maisu galiziarrak parte hartuko dua Jotalariak zikloan, eta pandereta, gaita eta akordeoiaren laguntzaz, Galizian jotea interpretau eta jantzan egiteko dagozan era desberdinak erakutsiko ditu. Martiaren 7an, barriz, Salamancako jantza tradizionalaren txandea izango da, Agustín García Hernández tanbolin-jole tradizionalaren eta Salamancako Contrarronda Kultur Alkarteko kideen eskutik.

Izena emoteko: 20€ sartu ikaslearen izen abizenak jarriz Kutxabanken honako kontu zenbakian: 2095 0233 10 9111124099. Ez ahaztu, plazak mugatuak dira.



Bizkaie!

AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus